Amalur ARTOLA
LITERATURIA

BIZITAKOA EZ DA HERIOTZAN GALTZEN... OROITARAZTEN BADA

LITERATURAK IZAN DITZAKEEN FUNTZIOEN ARTEAN DAUDE MEMORIAREN BERRESKURATZEA ETA IRAGANAK GUGAN TATUATUTA UTZI DITUEN ERREALITATEEZ JABETZEA ERE. ITU BANDAK ISABEL ITURBE BIZIARAZI ETA NONDIK GATOZEN OROITARAZI DIGU.

Plazer hutsa. Lema horrekin heldu dio aurten Literaturiak edizio berriari, literatura, ororen gainetik, plazer iturri izan daitekeela garbi gera dadin. Eta plazer hutsa izan zen atzo Zarauzko kaleetan zebilen brisak termometroa hogei gradura errenditzen zuen bitartean Musika Plazako azokara, apurka-apurka, jendea nola hurbiltzen zen ikustea. Plazera, baita ere, eguerdiko hamabietan Garoa liburu-dendan Peru Magdalena “Argia” aurkezten ari zela, zutik eta eserleku beteei begira zeuden literaturzaleen artean antolatzaileek aulki tolesgarriak nola banatzen zituzten ikustea ere.

Goizeko hamarretatik arratsaldeko zazpietara bitarteko liburu-aurkezpen maratoitik pasatu ziren Gaizka Sarasola (“Erleak, satorrak, beleak”), Jon Ariza (“Ohe hotzak”), Asier Serrano (“Ate osteko itzalak eta Linbotarrak”), Joxean Agirre (“Gizajoen katalogoa”), Aritz Mutiozabal (“Hutsartea”), Pako Aristi (“Arrotz eta Eder”), Goiatz Labandibar (“Fotogramak”), Egoitz Zelaia (“Eta galtzen bagara zer?”), Markos Gimeno (“SkizopozikS”)... bai eta Oier Guillan eta bere “Mr. Señora” ere.

Bizitzaz, giza harremanez eta norbere buruaren ulerkeraz duen ikuspegia landuta idatzi dituen antzerkirako zazpi obra bildu ditu Errenteriako poeta, idazle eta antzezleak aipatu argitalpenean eta, Literaturiako marko ezin hobea baliatuz, argitalpenari izena ematen dion antzerki-lanaren gainean Metrokoadrokako lagunekin batera eraiki duen irakurketa dramatizatua ere estreinatu zuen.

Baina Guillanena ez da atzo Literaturian estreinatu zen lan bakarra. Hark literaturak eta poesiak pentsamenduan eragin eta norbere erraiak arakatzera eraman gaitzakeela gogorarazi zigun bezala, Itu Bandako kideek memorian eragiteko eta iraganak gaur egunean duen pisuaz ohartarazteko funtzioa ere bete dezakeela erakutsi zuten.

Isabel Iturbe guztiak

“Isabel Iturberen bizitza eta heriotza” izena eman diote ikuskizunari eta, atzo Modelo aretoko estreinaldian publikoak eman zuen erantzuna ikusita, esan nahi zutena transmititzen asmatu dutela baiezta daiteke. Isabel Iturbe Pasai Antxoko emakume bat izan zen, 40ko hamarkadan jaio eta gaztaroan zehar gau eskoletan euskara irakasle jardun zuena. Haren berri kasualitatez izan zuten Itu Bandakoek, “Zeruko Argia” aldizkariko 1978ko ale batean haren eskelak ikusi zituztenean. “Gure bihotzetan ez da inoiz argia itzaliko”, zioen ikasleek eskaini ziotenak.

Ikuskizuna, baina, benetako historia batean oinarritua bada ere fikziozkoa da. Itu Bandak garaiko «Isabel Iturbeak», alegia, euskalgintzan aritu ziren emakumeak, ohoratu nahi izan ditu eta, horretarako, irakurketa dramatizatua, poesia, zuzeneko musika eta bideo-proiekzioak batzen dituen ikuskizuna osatu dute. Elementu horiek baliatu eta txandakatuz, ikusleari protagonistaren erretratua osatzen joateko piezak ematen dizkiote; hari bidalitako eskutitzak, Iturbek idatziak liratekeen poesiak, haren gertukoen testigantzak... Eta, piezen arteko lotura egiteko, Kaluse musika talde azpeitiarraren rock psikodelikoa eta hitzez esandakoari testuingurua jartzen dioten proiekzioak: itsasoarekiko lotura, frankismoa, amnistiaren aldeko mugimendua, Lemoiz... santomasetako azokara iritsi arte. Izan ere, 1979ko abenduaren 21arekin utzi zuen mundua Iturbek.

«Bizitakoa ez da heriotzan galtzen» mezuak ixten du ikuskizuna. Eta hala da, baina heriotzarekin badoala dirudien horrek iraun dezan inork oroitaraztea behar izaten da. Eta, hain justu, hori egin dute Itu Bandakoek.

Literaturiaren edizio honek ere amaiera behar, eta gaur itxiko dute jaialdia, baina, aurretik, Ekhiñe Eizagirre, Kirmen Uribe, “Nork hil du Andoni Egaña?”... izango da zer ikusi, eta zer oroimenean mantendu.