GARA
MADRIL

Kartzela saihestu dute Urigoitia oroitzeagatik auzipetutako lagunek

Miren Soloeta, Amaiur Lopez de Lacalle, Aitor Uribe eta Asier Duran-ek ez dute espetxera joan beharko, Fiskaltzarekin akordioa egin baitzuten Auzitegi Nazionalean.

Guardia Zibilak hil zuen Luzia Urigoitia gogoratzeko ekitaldi bat dela-eta, «terrorismoa goratzea» leporatzen zieten eta 7.200 euroko isuna, bi urte eta erdiko kartzelatzea eta 9 urteko inhabilitazioa eskatzen zuen Fiskaltzak bakoitzarentzat, baina azkenean murriztu egin da zigorra. Hala, bi urteko espetxe zigorra, 8 urteko inhabilitazioa eta isunaren murrizketa ezarriko zaie «Kartzela ekiditea lortu dugu, baina gaur, hemen, ez da justiziarik egin». Hitz horiekin laburbildu zuten auzipetuek jazotakoa. «Ozen diogu oroimena zigortu, zigortu daitekeela, baina ez, ordea, lapurtu», gaineratu zuten.

Lakuaren zerrendan

Luzia Urigoitia 1987ko uztailaren 22an hil zuen Guardia Zibilak Trintxerpen, gertutik tiro eginez, eta bere kasua Memoriaren Egunari begira Lakuak alkateei bideratutako txostenean azaltzen da, argitu gabeko kasu gisa eta biktima moduan oroitzeko gomendioarekin.