Joxe Mari CARRERE
Ipuin kontalaria

Bizi puskak

Kontatu dit Jorge Serafinek, Portugaleko kontalari lagunak, zahar batek honakoa esan ziola behin: “Tenho uma parte de vida para ti”. Eta pasadizo bat kontatu zion, istorio txikia. Bizitza puska eskaini zion, gezurra edo egia zen inporta barik. Izan ere, oroimena lurralde misteriotsua da. Gertaerak norberak modu batez oroitzen ditu, detaile ezberdinak hartzen ditu gogoan, beste oroimenekin eta norbaiti entzundakoarekin nahasi eta, kontatu ahala, bere errelato propioa osatuz. Zenbat eta gehiago kontatu, errelatoak bizitza berezkoa hartuko du eta errealitatea kontalariaren oroimenaren fantasiarekin nahasiko da, bizi puska bat osatuz, entzun nahi duenari eskaintzeko. Entzuten duenak ere memorian gordeko du, eta halako batean beste norbaiti kontatuko dio, bere hitzak erabiliz. Denboraren poderioz istorioak bere bidea egingo du ahotik ahora jauzi eginez, hitz berriekin aberastuz, hizkuntza berriak ezagutuz. Hasierako kontakizunaren egile hura bidezidor horietan galduko da, kontatzen duen bakoitza bihurtuz egile. Hasierako emakume edo gizon haren bizi puska, hamaika pertsonaren bizi puska bihurtuko da, bizitza beraren metafora fantastikoa bihurtuz.

Ipuinak kontatzerakoan horrela ariko gara, bizitza zatietan barrena. Honi edo hari gertatutakoa kontalariaren ahotik entzulearen belarrira heltzeko bidaia txiki horretan eraldatzen joango da, hartzailearen barnera heltzerakoan istorio berria osatuz. Kontalaria bizi puskak eskaintzen duen pertsona baita.