GARA
NIAMEI

Dozenaka migratzaile hil da Nigerko basamortuan, Europarako bidean

Nigerko Barne Ministerioak jakinarazi duenez, joan den astean 34 migratzaileren gorpuak aurkitu zituzten basamortuan, Aljeriako mugatik gertu. Horietako hogei umeenak ziren. Ikertzaileek uste dute Aljeriako iparraldera iritsi nahi zutela, bertatik Europara joaten saiatzeko, Libiako egoera gehiegi gaiztotu delako.

«Bost gizon, bederatzi emakume eta hogei ume hil ziren basamortua zeharkatu nahian», azaldu du Barne Ministerioak hedabideei bidalitako agiriak.

«Seguru asko egarriz hilko ziren, beste kasu askotan gertatu izan den moduan. Assamakatik gertu aurkitu ditugu gorpuak», erantsi dute AFP berri agentziak kontsultatutako Nigerreko segurtasun iturriek.

Niger eta Aljeriaren arteko muga zeharkatzeko pasabide bat dago Assamakan. Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak esplikatu duenez, Niger Europar Batasunerantz doazen Afrika Beltzeko migratzaileen ibilbideko ezinbesteko puntu bihurtu da azken bolada honetan, batez ere Italiako hegoaldera pasatu nahi dutenentzat.

Orain arte Nigertik Libiara joaten ziren, bertan itsasoratzeko asmotan, baina herrialde horretako egoera erabat gaiztotu denez, orain Aljeriatik barrena saiatzea nahiago izaten dute. Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak egin dituen kalkuluen arabera, bi herrialde arabiar horietara iritsitako etorkinen %60 inguru Niger zeharkatutakoak dira. Beste asko Malitik barrena iristen dira Aljeriara.

Nigerko agintariek uste dute etorkin horiei basamortua zeharkatzen lagundu zieten «trafikatzaileek» ihes egin zutela ekainaren 6an hasi zen astean, migratzaileak bertan utzita. Dagoeneko gizon eta emakume baten gorpuak identifikatu dituzte: biak nigertarrak eta 26 urtekoak dira.