Andoni ARABAOLAZA
MENDIKO LASTERKETAK

Euskal korrikalariak bikainnazioarteko lasterketetan

Sona handia duen Lavaredoko Ultra Trailean Uxue Frailek eta Javi Dominguezek goi mailako postuak lortu zituzten; Fraile bigarrena izan zen eta Dominguez hirugarrena. Aitziber Ibarbia Munduko Kopako Livignoko proban bigarren postuan sailkatu zen.

Azkenaldiotan, traileko euskal korrikalariek berri pozgarriak eman dituzte; batez ere nazioarteko lasterketetan parte hartu duten batzuek. Bi hitzordu azpimarratuko genituzke. Lehena, sona handia duen distantzia luzeko edo ultra bat da: Lavaredokoa. Bestea, berriz, motzagoa: Livignokoa.

Lehenbizikoa Ultra Trail World Tour zirkuituko lasterketa bat da; guztira, hamar dira. Parte hartu zuten 1.500 korrikalarien artean bi euskal ordezkarik maila ezin hobea eman zuten. Nesketan, Uxue Frailek bigarren sailkatzea lortu zuen. Eta mutiletan, Javi Dominguez hirugarrena izan zen.

Ultretan ibiltzen diren askok Lavaredokoa egutegian marka gorriarekin azpimarratuta dute. Aurreratu dugunez, sona handia dauka, eta aurtengo ekitaldian 60tik gora herrialdetako 1.500 lasterkari irteera puntuan zeuden. Ibilbidea gogorra da oso: 119 kilometro eta 5.850 metroko goranzko desnibela. Eta ingurumaria ere ederra du: Federavecchia, Tre Cime di Lavaredo, Landro lakua, Cinque Torri...

Ohi den bezala, Cortina d’Ampezzo zen irteera puntua. Emakumezkoen lasterketari dagokionez, Andrea Huser suitzarrak lasterketa bikaina egin zuen, eta ez zuen arazorik izan helmuga puntutik lehena pasatzeko 14 ordu eta 32 minutuko denborarekin. Fraile, berriz, une oro tropel buruan egon zen bigarren postua bata eta bestearekin tartekatuz. Azkenean, podiumaren bigarren postuan iritsi zen, 15 ordu eta 13 minutuko denborarekin.

Gizonezkoetan, bestalde, aipatu behar da Andy Simonds britainiarra nagusitasun osoz gailendu zela. Egin zuen lehia oso sendoa izan zen, eta 40 kilometroan lasterketaren buru jarri (80 kilometro bakar-bakarrik egin zuen) eta Cortina d’Ampezzoko helmugan lehena izan zen, 12 ordu eta 15 minutuko denborarekin. Horri esker, Simondsek aurreko errekorra 10 minutuan hobetu zuen.

Dominguezi dagokionez, aipatu behar da azken 80 kilometroetan lehen hamarren artean egon zela. Gasteiztarrak atzetik aurrera egin zuen, eta goi mailako hirugarren postua erdietsi zuen, 12 ordu eta 36 minutuko denborarekin. Bigarren postua, berriz, Gediminas Grinusentzat izan zen irabazlearengandik zortzi minutu eskasera.

Ibarbia, bigarren

Ultrak alde batera utzita, hurrengo lerrootan Skyrunner World Series edo Mendi Lasterketen Munduko Kopari buruz hitz egingo dugu. Izan ere, ekainaren 25ean Livignoko lasterketa jokatu zen.

34 kilometroko eta 2.700 metroko goranzko desnibela zuen lehian euskal selekzioko hainbat ordezkarik hartu zuten parte. Oro har, korrikalari hauek egin zuten lana bikaina izan zen oso.

Eta zalantzarik gabe, nesken lasterketan Aitziber Ibarbiak eginiko lana goraipatu behar dugu. Ziur aski orain arte egin dituen lasterketa guztien artean azken hau borobilena egin du.

Maila handiko kideen artean gogor borrokatu behar izan zuen. Lehen aldats teknikoetan Eliasa Desco italiarrak erritmo bizia jarri zuen. Talde horretan, besteak beste, Katrine Villumsen danimarkarra, Oihana Kortazar (aurrerago erretiratu egin zen), Megan Kimmel estatubatuarra eta Ibarbia zeuden.

Azkenean, Desco lehena izan zen 4 ordu eta 48 minutuko denborarekin. Ibarbia, berriz, bigarrena izan zen; italiarrarengandik 16 minutura. Eta hirugarrena Kimmel. Euskal selekzioko kide Maria Zorroza hamargarren postuan sailkatu zen.

Mutiletan, Tadei Pivk italiarra nagusitasun osoz gailendu zen 3 ordu eta 55 minutuko denborarekin. Euskal selekzioko kideei dagokienez, Ait Chaou Hassan zazpigarrena izan zen, eta Julen Martinez de Estibariz hamabigarrena.