Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Donostia
KIROLA

Robby Naish:Windsurfaren kondaira bizia

Windsurfaren historian izan den surflari handiena Robby Naish izan da, dudarik gabe. Marka guztiak hautsi dituen gizon hau ez da oso ezaguna, ez da telebistako iragarkietan agertzen, baina itsasgizon gisa, erreferentzia saihetsezina da. Ezagutu beharreko pertsonaia.

Robert Staunton Naish, 1963ko apirilaren 23an jaio zen, La Jolla hirian, Kalifornian. Mundu mailan windsurflari gisa ezagun egin zen lehen pertsonaia izan zen. Bere aita Rick Naish, surflaria, soroslea, irakaslea eta taula egilea zen, eta gazte zela, bere familia Hawaiira eraman zuen.

Naishek hamaika urte zituen Oahu uharteko Kailua herrira bizitzera joan eta windsurf egiten hasi zenean. Kirol berria zen garai hartan, beraz, ez zen aparteko erreferentziarik, hala eta guztiz ere Naish bikain moldatzen zen itsas kiroletan. Olatu gainean surf egiten oso ona zen Naish, ezker surflaria zen eta Pipeline bezalako urautsi zailetan aritzeko gai zen, baina gehien erakartzen zuena haizeaz baliatuz olatu gainean ibiltzea zen.

Horrela, Hawaiiko olatuetan haize-oihal baten laguntzaz bultzatutako taularekin surf egiten hasi zen lehenetarikoa izan zen Robby Naish. Haize oihalari esker hartutako abiadura ariketa ikusgarriekin tartekatzen zuen eta olatu gainean surfeko ariketak egiteko gai zen. 1976an, 13 urte baino ez zituela, bere lehen mundu titulua irabazi zuen Naishek Bahametan egin zen munduko windsurf txapelketan. Esperientzia handiko surflariak garaitu zituen, guztiak bera baino zaharragoak, eta horrela, inoiz munduko windsurf txapelketa bat irabazi duen lehiakide gazteena bilakatu zen.

Urte bat beranduago Italian izan zen munduko windsurf txapelketa, Sardiniako ur epeletan, eta han ere berak irabazi zuen. 1978. urtean, Mexikon lortu zuen hirugarren aldiz mundu titulua, Cancunen, eta 1979. urteko titulu mundiala ere eskuratu zuen AEBetan. Mundu mailako tituluak eskuratzeko gai izan arren, Naish oraindik gazteegia zen profesional moduan aritzeko eta afizionatu gisa lehiatzen zen. Artean, adin nagusitasuna lortu zuenean profesional gisa lehiatzen hasi zen, baina bestelako proiektu pertsonalak ere gauzatu zituen; izan ere, 18 urterekin aita izan zen. Bi urte beranduago, 1983. urtean, lau modalitateetan irabazi zuen munduko txapela Robby Naishek. Sasoi hartan munduko zirkuitu profesionala indarrean zen eta windsurf kategoria lau modalitate desberdinek osatzen zuten: slaloma, estilo librea, olatu gainean aritzea eta modalitate orokorra.

1983 eta 1991 urte artean munduko titulu guztiak eskuratu zituen eta batzuetan gainera modalitate guztietan txapela eskuratuta. 90eko hamarkadan oraindik goi mailan lehiatzen jarraitzen zuen, eta horrela, 1994. eta 1995. urteetan txapeldunorde izan zen. Lehiaketetan parte hartzeaz gain, lehiaketak antolatzeko eta arautzeko erakundeen sorreran parte hartu zuen eta windsurfaren garapenean modu aktiboan inplikatu da. 1987. eta 1992. urteen artean, esaterako, Professional Boardsailors Association (PBA) erakundeko lehendakaria izan zen. Horrez gain, PWA (Professional Windsurfers Association) erakundearen sorreran ere lekuko izan zen. Windsurfaz gain bestelako modalitate anitzetan ere aritzen da Naish. Azken urteetan, batez ere kitesurf (kometa bidezko trakzioa) egiten aritu da eta 1998. urtean mundu titulua eskuratu zuen diziplina honetako slalom modalitatean. Urte bat beranduago berriz ere munduko kitesurf titulua irabazi zuen, eta gainera, bi modalitate desberdinetan, slalon eta saltoen kategorian, alegia.

Olatu handietan windsurf egiten oraindik munduko surflari onenetako bat da. Etxean bertan du entrenatzeko leku onena, Mauin, eta Pe'ahiko urautsi beldurgarrian baldintza onak direnean olatu erraldoiak hartzen ikus daiteke. Gondola edo SUP (Stand Up Padle) taulekin ere ibiltzen da eta markaren bat ere hautsi du. Esate baterako, 2014ko ekainaren 6an, 51 urte zituela, SUP taula batekin ibaiko olatu batean egindako ibilbide luzeenaren errekorra egin zuen. Brasilgo Amazonas ibaiaren bokalean itsasaldiek jazotzen duten olatuetako baten gainean 3 kilometro baino gehiago egin zituen Naishek, Pororoca do Maranhao delakoan. Ibaian gora joaten diren olatu horiek oso famatuak dira, baina oso arriskutsuak ere bai, izan ere, korronte handietako ingurune salbaia da, eta uretara eroriz gero pirañek osorik jateko arriskua izan daiteke. «Jendeak itsasgizona (waterman) naizela esaten dit, baina nik ez dut hala ikusten neure burua. ‘Taula gizona’ naizela esango nuke, zeren ez zait axola surf, windsurf, kitesurf, SUP, skatea, edo snowboard taula batekin aritzea. Uretan nahiz lehorrean, taula baten gainean irristatzea maite dut».

Gaur egun, kirol honi lotutako marka indartsuenetako baten jabe da. Berak sortu zuen Naish izeneko marka... Windsurf, kite surf eta SUP taulak diseinatu eta egin izan ditu. Naish gauza askotan izan da aitzindaria eta windsurfaren garapenean ere bere ekarpenak egin ditu. Esate baterako, oinak lotzearen ideia berea izan zen eta baita oihalean leiho moduko bat ezartzearena ere. Oihalaren erdialdean ezarritako zati garden horri esker oihalaren beste aldea ikus daiteke. Ez da batere erraza Naishek egindako ibilbidea laburtzea. 24 titulu mundial eskuratu ditu, 150 txapelketatik gora irabazi, materialen garapenean bere ekarpena egin eta ez du inoiz atseden hartu. Paradoxikoki, bere esanetan, inoiz ez da kirol horretaz bizitzeko behar bezain ona izan. Sekulako balentriak egiteko gai den arren, bere bizi filosofia modu apalean laburbiltzen du: «Nire bizi filosofia: Uretan egiten dudan edozein egun egun on bat da. Ahoa itxita eduki eta zorroztu belarriak». Naishek egiten dituen kirolen artean ordea, gehien maite duena windsurfa da, «Kirol honen askatasuna maite dut, ez dago araurik», dio, eta zera gaineratzen du, «bizitza, windsurf gabe ez da bizitza».