GARA
Bilbo

Euskal Encounter topaketak bere edukiera handitu du aurtengoan

Euskal Encounter informatika eta bideo-joko topaketak 521 eserleku gehiago eskaini ditu aurtengo edizioan. Orotara 4.608 lagunek lortu dute plaza uztailaren 22tik 25era Barakaldoko BECen ospatzekoa den jaialdian.

Jaialdia Estatu espainoleko topaketa handi eta zaharrena da eta aurtengo hedapenarekin inoiz baino zabalago egin da.

Leku kopurua handitu izanagatik ez dute denbora gehiago libre iraun plazek: 5 minututan bukatu dira eserlekuak, antolakuntzak ohar bidez azaldu duenez.

Euskal Encounter topaketa Euskaltel Konekta fundazioak antolatzen du, IKTen erabileraren testuinguruan, pertsonen, enpresen eta ekimenen arteko hartu-emana sortu eta sustatzeko helburuarekin.

Plaza kopuruarena ez da berritasun bakarra. «Opengunea», doakoa eta publikoari irekia den zona, ordenagailuen eremuan bertan kokatuko da, parte-hartzaile ororen elkarrekintza indartzeko asmoarekin. Gune horretan 30 formakuntza saio baino gehiago eskainiko dituzte, antolatzaileek formakuntzarekin duten konpromisua berretsiz.