Asier AIESTARAN
Arrauna

Laugarren posturako borrokari begira Euskotren Ligaren hasieran

Zortzi traineruk ekingo diote gaur Orion emakumezkoen lehiaketari. Pasai Donibanek, egungo txapeldunak, ziurtatua du egutegikoestropada guztietan parte hartzea, baina beste zazpi ontziek hiru txartel izango dituzte jokoan. Bat da batere argi ez dagoena.

Euskotren Liga, TKEren emakumezkoen lehiaketa, gaur hasiko da Orioko ibaian (18.30, ETB1). Gaur Orion eta bihar Donostian zortzi traineruk hartuko dute parte sailkapen estropadetan, eta bertatik irtengo dira beste sei jardunaldietan Pasai Donibane egungo txapeldunarekin batera arraun egingo duten hiru ontziak. Borroka horretan parte hartuko duten taldeak Hibaika, Orio, Getaria-Zarautz, Arraun Lagunak, Hernani, Cabo da Cruz eta Hondarribia izango dira.

Bi jardunaldiak erlojupeko formatuan erabakiko dira, eta horrek ezustekoen aukera nabarmen gutxitzen du. Horregatik, eta azken asteetako emaitzak ikusita, Hibaika eta Orio nahiko segurutzat jo daitezke San Juanekin batera Ligaren lehian jarraitzeko. Zalantza handiena, aldiz, hiru horiekin batera txartela eskuratuko duen laugarren ontziaren izenean dago, Getaria-Zarautz eta Arraun Lagunak-en artean borroka estua espero da, eta Cabok ere bere aukeratxoa eduki lezake.

Emaitzei begiratuta lau onenetan sartzeko aukera gehien Getaria-Zarautzek ditu, Gipuzkoako Ligan hiru aldiz menderatu baitu Arraun Lagunak eta Gipuzkoako Txapelketan ere aurretik izan ziren. Baina aipagarria da Bilboko azken jardunaldian donostiarrek aurretik amaitu zutela, eta Gipuzkoako Txapelketan aldea lau segundokoa bakarrik izan zela.

Galiziarrei dagokienez, zaila da pronostikoak egitea, ez ditugulako parez pare arraunean ikusi. Beraiek diotenez, egun oso on bat beharko lukete, eta besteen beheralditxoa, txarteletako bat eskuratu ahal izateko.

Egutegiari dagokionez, beste urteetako plan bera jarraituko du lehiaketak: datorren asteburuan Bilbo eta Getxo, uztail amaieran Pasaia eta Zumaia, eta abuztuaren erdialdean Zarauzko azken bi jardunaldiak.

Palmaresari dagokionez, Pasai Donibanek azken bi ekitaldiak irabazi ditu, eta aurten ez dagoen Zumaia gainditu dezake.

Orioko estropadak ibaian segituko du aurten ere

Orain dela bi urteko itsasaldi zakarrak itsasoan egiten ziren Orioko estropadak ibaian egitera behartu zituen antolatzaileak. Txurruka aldeko dikea jada irekita dago jendearentzat, baina aurkezpenean esan zutenez, oraindik ezin dira estropadak bertan antolatu. Horregatik, San Miguel Ligako laugarren jardunaldia Oria ibaian jokatuko da gaur, erlojupeko formatuan: lehenik Zumaia, San Pedro, Portugalete eta Tiran; gero Zierbena, Orio, Cabo eta Astillero; azkenik San Juan, Kaiku, Urdaibai eta Hondarribia.A.A.