Cabok aurre hartu dio Getaria-Zarautzi

Cabo da Cruz zen Euskotren Ligarako sailkapen estropadetan zalantza nagusia, eta galiziarrek argi utzi zuten atzo Orion maila bikaina dutela eta azken txanpara arte borrokatuko dutela Ligan jarraitzeko txartela. Atzo, ibaian, laugarren postua eskuratu zuten, Getaria-Zarautz, Hernani eta Arraun Lagunak atzean utzita, eta ikusi egin beharko da zer moduz moldatzen diren gaur itsasoan, nahiz eta beste munduko olaturik ez den espero.
Marea oraindik nahiko behean zela jokatu zen emakumezkoen erlojupekoa, eta horrek lana apur bat zaildu zien. Gainera, zozketak hala erabakita, Hibaika irteten lehena izan zen eta Pasai Donibane azkena. Bi faboritoen artean, beraz, erreferentziak eskuan izatearen abantaila arrosentzat izan zen.
Eta ez zuten alferrik galdu. Ziabogan Hibaikak (Aiala Uribelarrea patroi) egindako denborarik onena errepikatu zuten, 4:41, baina bigarren luzean denborarik onena eurena izan zen eta helmugan garaipena ere bai. Azkenean aldea zazpi segundokoa izan zen pasaitarren alde, Euskotren Ligako lehen liderraren maillot zuria eta aurreneko bandera bereganatuta.
Atzo arraun egin zuen eskifaia hurrengo hauxe izan zen: Ane Pescador, Sarai Lizaso, Oihana Cereijo, Josune Ugarte, Irati Iñarra, Lorea Etxart, Laura Goldarazena, Ane Arribillaga, Andrea Oubiña, Laura Yofizek, Garazi Martin, Ane Hernandez eta Irati Larrañaga, Nerea Perez patroi zutela.
Atzetik, aipagarria Orio Hibaikarengandik bi segundora bakarrik geratu zela eta, esan bezala, Cabok aurre hartu ziela Getaria-Zarautz, Hernani eta Arraun Lagunaki. Borroka horretan, deigarria da Hernanik azken estropadetan izan duen gorakada, eta atzo bosgarren postutik sei ehunenekora bakarrik geratu ziren. Txartela zail dute beraz, baina ezinezkoa ez.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
