Jon LEUNDA
Sega

Gipuzkoako txapeldun berria Julen Gabirondo da

Lehia ikaragarria izan zuen Igor Esnaolarekin, baina txapela beretzat izan zen, 77 kiloko aldearekin.

Gabirondo II.ak irabazi zuen atzo Gipuzkoako finala. Bera eta Esnaola ziren irabazteko faborito nagusiak, eta azkenean bien artean egon zen txapela, eta amaieran garaipena Gabirondok eraman zuen, 77 kiloko aldearekin.

400 ikusle pasatxo batu ziren Asteasun finala zuzenean jarraitzeko asmoarekin. Giroa, berriz primerakoa izan zuten, eta belarra ere nahiko ona.

Hasieratik hartu zuten aurre sailetan Gabirondok eta Esnaolak. Lehen minutu hauetan Etxeberria ere euren parean aritu zen. Arkaitz Arteaga, berriz, lehen sailetatik geratu zen atzera. Hala ere, segan ez du balio sailak pasatzeak bakarrik, kiloak ere ebaki behar izaten dira, eta hori dena amaitu arte ezin izaten da jakin zeinek irabazten duen. Lehen minutuak pasatu ostean, Etxeberria ere atzera geratzen hasi zen, eta lehia bi faboritoen artean geratu zen. Bien artean, gainera, ez zegoen inongo alderik, eta horrelaxe iritsi ziren ordubete osatu arte. Orduan epaileak txistua jo, eta itxaron egin behar.

Biek ere txukun ebakita zuten, eta ondorioz gauzak ez zeuden oso garbi. Batzuen ustez, Gabirondok irabaziko omen zuen, beste batzuen artean Esnaolaren izena agertzen zen, baina itxaron beharra zegoen.

Biltzaileek euren lanak amaitu eta belar guztiak pisatu ostean eman zuten emaitzen berri Federazioko kideek, eta ez zegoen zalantzarik. Gabirondo II.arentzat zen txapela. Berak 3.374 kilo moztu zituen. Bigarren postua izan zen Esnaolarentzat. Legorretakoak, 3.297 kilo ebaki zituen. Aldea txikia, baina txapela Gabirondorentzat. Hirugarren sailkatu zen Etxeberria, 3.030 kilo ebakita eta azkena, Arteaga, 2.796 kilo ebakita.

Segalari hauen guztien hurrengo erronka Euskal Herriko Txapelketa izango da, eta han ere Gabirondo II.a eta Esnaola izango dira faborito. Lehiaketa horretan Gipuzkoako Txapelketan eta Nafarroakoan lehiatuko diren segalariak arituko dira, ez baitago une honetan besterik.