GARA
Arrauna

Jon Elortegi «Txapas», Deustura entrenatzaile moduan

Jon Elortegi bizkaitarra izango da Deusturen entrenatzailea datorren denboraldian. Txapas ezizenarekin ezaguna arraun munduan, Elortegik seigarren denboraldia osatu du aurten Urdaibain, Kontxako Bandera eta San Miguel Liga irabazita besteak beste. Baina orain Bermeoko “Bou Bizkaia” ontzia alde batera utzi eta “Tomatera” famatuaren kargu egitea erabaki du.

Arkoten arraunean hasi zenetik ibilbide luze bezain oparoa osatu du Elortegik traineruen munduan. 2004an Urdaibain urte bat egin ostean, Castrora joan zen Jose Luis Kortarekin eta han bere aurreneko bi Kontxak irabazi zituen. 2011n itzuli zen Bermeora eta bertan beste lau aldiz irabazi du Donostiako bandera preziatua. Hurrengo denboraldian, ordea, KAE1 Ligan arituko da aurten seigarren amaitu duen Bilboko ontziarekin.

Deustu Arraun Elkarteak argitaratutako prentsa oharrean, eskerrak eman nahi izan dizkio Gerardo Ranero orain arteko entrenatzaileari. Klubean jarraitzeko gonbidapena ere luzatu dio.

Aldaketa asko Bermeon

Elortegi ez da Urdaibai uztea erabaki duen arraunlari bakarra. Fernando Rua galiziarrak ere arrauna uzteko erabakia hartua du hasiera batean, eta begirada guztiak Jon Salsamendi entrenatzailearengan ipinita daude. Dirudienez, oriotarrak etxeko ontziaren prestaketa hartzeko eskaintza jasoa du.