GARA
REALA

Sergio Canales, asteazkeneko gau ederraren erakusgarri onena

Berri on asko pilatu ziren Realean asteazken gauean. Denen gainetik etxean lortutako denboraldiko lehen garaipena dago, baina une batzuetan erakutsitako joko ona eta lau gol sartu izana ere nabarmendu daitezke. Eta taldeari baino banakoei begiratuta, Willian Joseren erakustaldiaz edota Velaren hobekuntzaz gain, Sergio Canalesen itzulera –Santiago Bernabeun min hartu eta bederatzi hilabetera– izan liteke berririk onena.

Jokalari kantabriarrari egokitu zitzaion atzo prentsaren aurrean hitz egitea, eta, jakina, oso pozik azaldu zen. «Pozik, harro... dena ongi irten zen. Gogo handia daukat taldeari laguntzeko, taldean bat gehiago izateko, eta prest nago bai mentalki bai fisikoki», adierazi zuen Canalesek.

«Horrenbeste denbora jokatu gabe egon eta gero, itzultzeko egoerarik onena izan zuen. Taldea irabazten ari zen, ongi jokatzen, etxean, jokalari bat gehiagorekin... Kalean babes eta animo handiak jaso ditut, eta zelaira irtetean egin zidaten ongietorria ere sekulakoa izan zen», gaineratu zuen, bigarren zatian Zurutuzaren ordez irten zen unea gogoratuz.

Aurrera begira, etorkizuna lasaitasunez hartzen duela gehitu zuen azkenik. «Horren lesio luzea jasan izanak, eta horrelako hiru pasatzeak, erakutsi dit neure buruarengan konfiantza izaten, nire lanean sinisten eta etorkizunak beti une hobeak ekarriko dituela pentsatzen».

Jokoa eta zehaztasuna

Partidaren irakurketari dagokionez, Eusebio Sacristan entrenatzailea ere baikor agertu zen neurketaren ostean: «Hirugarren partida zen etxean eta bageneukan gogoa zaleei garaipen bat eskaintzeko. Uste dut taldeak joko ona erakutsi duela, falta zitzaigun ate aurreko zehaztasun hori aurkitu dugu, eta garaipen on bat lortu, hiru puntu garrantzitsu».

«Oso pozik gaude, taldeko hainbat jokalarik baikor izateko arrazoiak dituztelako. Raul Navasen itzulera, Sergio Canalesen itzulera, Carlos Martinezek ere aurreneko partida jokatu du denboraldi honetan, Bautistak ere minutuak izan ditu... Albiste onak dira, ospatzekoak, baina jada Eibarren kontrakoa prestatzen hasi beharra daukagu», gehitu zuen.

Larunbatean 13.00etan jokatuko da partida hori Ipuruan, eta txuri-urdinek azken bi denboraldietan jasotako porrotei (orain bi urte 1-0 eta iaz 2-1) buelta eman nahiko diete.