J.L.
Ohorezko Maila

Bigarren zatian erabaki du Ordiziak

GETXO ARTEA 18

AMPO ORDIZIA 39

 

Ampo Ordiziak erraz eraman zuen Getxon jokatu zen norgehiagoka, eta, irabazteaz gain, erasoko puntua ere lortu zuen. Aurreneko jardunaldian emandako itxura onari atzo jarraipena eman zion, nahiz eta orduan emaitzak ez zion gehiegi lagundu. Getxok, aldiz, aurreneko partidako bideari jarraitu dio, okerreko bidean jarraitzen duelarik. Galtzeaz gain, entsegu asko jaso ditu bi partiduetan.

Neurketa, ordea, bigarren zatian erabaki zen. Ordizia lehen minutuan aurreratu zen gauzatutako entsegu batekin, baina gero etxekoak puntu batera jarri ziren (6-7), nahiz eta atsedenera aldea handituta iritsi zen Ordizia (6-12). Bigarren zatian alde handia egon zen. Gipuzkoarrak oso ondo aritu ziren, ederki baliatuz etxekoek uzten zituzten zuloak, garaipen erosoa eta handia lortzeko

Eta eskerrak atzo derbi bat bazegoen, gainontzean bigarren jardunaldiak aurrenekoaren tankera ikaragarria izan baitzuen. Izan ere, Hernanik eta Bizkaia Gernikak ere galdu egin zuten.

Hernanik Landaren Complutense Cisneros hartu zuen, eta 10-29 galdu zuen talde gipuzkoarrak. Ongi hasi zen Hernani, Elosegik zigor bat gauzatuta aurretik jarri baitzuen etxeko taldea, baina gero madrildarrak hobeak izan ziren. Hala, etxekoek azkeneko minutura bitarte ez zuten lortu gauzatutako entsegua markagailua itxuratzeko. Colladok egin zuen entsegua, eta Genuak gauzatu zuen.

Eta Bizkaia Gernikak ere galdu egin zuen. Bizkaitarrek Sevillan jokatu zuten Ciencias taldearen aurka, eta amaieran 42-33 erakusten zuen markagailuak. Hala ere bost entsegu lortu zituen, eta horrekin puntu bat ere bai. Defentsakoa ere ez zuten aparte izan, baina hori ez zuten batu. King, Iker Olaeta, Bilbao, Dominguez eta Palisa izan ziren Bizkaia Gernikako entseguen egileak. Pichelerrek lau transformazio lortu zituen.