Zer gertatu zen?
Lehengoan arduratuta sumatu nituen herriko jubilatu pentsalariak. Portu Zaharreko eskaileretan gora zetozen, kopetilun, eta egia esan, bazeukaten kezkatzeko arrazoirik.
Entzutetsua izan da EH Bilduk 18. jesarlekua lortu duela Gasteizko Legebiltzarrean. Baldintza beharrezkoa baina ez nahikoa gure herriaren eskubide kolektiboak onartzen ez dituztenek gehiengoarekiko beto gaitasuna eragin ez dezaten. Analisi politikoak entzun ditugu, baina gure herriko jubilatu pentsalariek dioten eran, inork ez digu ofizialki azaldu jesarleku horren dantza zertan oinarritu den.
Hasieran atzerriko botoaz mintzo ziren hedabideak, baina gerora jakin ahal izan dugu, han-hemenka, afera euskal lurraldean emandako botoetan zetzala. Hogei mahai inpugnatuak izan dira, Bermeoko mahai baten auziak konpondu barik jarraitzen du oraindino.
Mahaietan ondo egin zen botoen zenbaketa, baina datuak aktetara igarotzerakoan edozein nazio garatutan eskandalua suposatuko luketen akatsak egin ziren. EH Bilduren botoak PSEri eman zizkioten batzuetan, nuluak ez zirenak nulu kontsideratu zituzten, datuak aldatu ziren mahaietatik Jaurlaritzara heltzean. Afrika eta Hego Amerikako inguruneetan nazioarteko komunitateari asaldagarriak iruditzen zaizkion akatsak egin ziren EAEko hauteskundeetan, baina inork ez digu argibide ofizialik eman, inork ez du erantzukizunik hartu bere gain.
Zergatik ez du Jaurlaritzak goren mailako karguren baten bidezko argibide sendorik eman? Nork egin zituen akatsak? Zergatik hainbeste akats? Ez gabiltza gertakari isolatu batez, hogei mahairen inpugnazioak gauza asko pentsatzera eroan lezake gizartea. Zein neurri hartu dira berriz ere gerta ez dadin? Zergatik ez diote alderdi ezberdinek goi mailako erantzunik eskatu administrazioari? Zergatik ez du inork dimititu edo bere erantzukizuna onartu?
Gure herriko jubilatu pentsalariek arduraturik igo zituzten Portu Zaharreko eskailerak. Azken begiradan galdera bat utzi zuten Kantauri ertzean iltzaturik: onartu ezineko zenbat gauza egiten dituzte inori inolako azalpenik eman gabe?

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
