Kare biziaren kolorea
Hauteskundeen emaitzak irudikatzeko grafikoetan alderdi bakoitzari kolore bat egokitzen zaio eta koloreen arteko konbinazioen araberako tonua har dezake hastear den legegintzaldiak eta gure herriko zatitxo baten etorkizunak. Sarri erabili izan dira koloreak gure herriaz aritzeko eta mendien berdeaz eta itsasoaren azulaz idatzitako poetaren lerroekin batera, odolaren gorriaz izkiriatutako ehunka titular irakurri ditugu urteetan zehar. Eta odolarekin batera, kolpeen horia eta ubelduren morea jaso dira testigantza grafikoetan, ziegetatik garrasiek ihes egitea lortu izan dutenean. Beltza nagusi izan da hilerrietara bidean sortutako ilaretan, eta errepideetako asfaltoaren grisak marrazten du distantziaren sufrimendua. Minaren koloreak dira, baina koloreak. Agian, hargatik ez dugu inoiz maite izan pareten zuria, eta bortxaz jositako ahoen isiltasun gordina salatzeko pintatu dira hormak. Pareten zuriak ausentzia dakarren bezala, kare biziaren zuriak inpunitatea dakarrelako. Zuriaren gainean beltza jartzeko garaia dugunean, historiaren tonalitate denak jasoko dituen margoa pintatu behar dugu, inor ahaztu gabe, egindakoaz eta izandako denaz hitz eginez, eta dagokigun erantzukizunaz, historia errepika ez dadin; kare biziz idazten dena lurpean hiltzera eta desagertzera kondenatuta baitago.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
