GARA
DONOSTIA

Asteburu goxo eta interesgarria igaroko dute Legazpin perretxikoen aitzakian

Legazpin 23. Asteburu Mikologikoa dute asteburu honetan, Udalaren, Lekanazpi Elkartearen eta Beti Gazte Animazio Elkartearen eskutik, aukera ederra, beraz, perretxiko eta onddoak hobeto ezagutu eta bide batez mokadu goxo batzuk ahoratzeko. Atzo perretxikoak era jasangarrian jasotzeko eguna izan zen, eta jasotako zizak eguerdia baino lehen Lekanazpi elkartera eraman zituzten parte hartzaileek, txorizo eta saldaren trukean. Arratsaldean, berriz, Lekanazpin bertan perretxikoak sailkatzeko parada izan zuten, Aranzadi elkarteko kideen laguntzarekin.

Gaurko egitarauari dagokionez, perretxiko erakusketa eta ikus-entzunezko edukiak izango dira 11.00etatik 15.30era, azokako arkupeetan. Haurrek, gainera, marrazteko gunea izango dute eguerdi partean; perretxikoak izango dira, noski, marrazkiak egiteko gaia. Parte hartzaileen artean saria banatuko da. Eta, jakina, jasotako perretxikoak ere dastatu ahal izango dituzte gerturatzen direnek.