Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
DONOSTIA
Surfa

Peahi Challenge 2016: Kemper eta Alms txapeldun

Big Wave World Tour 2016/2017 olatu handien munduko itzulia ipar hemisferioan da. Hawaiiko Maui uhartean aurkitzen den Peahi urautsian izan zen aurtengo bigarren lehiaketa. Billy Kemper eta Paige Alms hawaiiarrak izan ziren txapeldunak.

Aurtengo munduko olatu handien itzulia bigarren txanpan sartu da eta hasiera ona izan du. Big Wave World Tour 2016/2017 apirilean hasi zen urtero bezala. Apirila eta urria artean hego hemisferioko urautsien txanda izaten da, baina oso zaila da txapelketa egiteko asmoa dagoen leku guztietan behar adinako itsaskiak izatea.

Guztira sei txapelketek osatzen dute aurtengo BWWT itzulia: hego hemisferioko hiru urautsi eta ipar hemisferioko beste hiru urautsi. Hego hemisferioko txapelketak egiteko epea pasa den urrian amaitu zen eta txapelketa bakarra egin ahal izan zen, ekainean Puerto Escondidon (Mexiko) egin zena. Hego hemisferioko beste bi txapelketak, Punta de Lobos (Txile) eta Pico Alto (Peru), ez ziren egin, behar adinako itsaskirik sartu ez zelako.

Puerto Escondidoko txapelketa sekulakoa izan zen. Izan ere, lehen aldia zen mundu mailako olatu handietako txapelketa bat Puerto Escondidon egiten zena. Aurrez inoiz ez zen mota honetako txapelketarik egin hondartza batean; izan ere, olatu handiak hartzeko leku seguruenak hondoan haitza duten lekuak izaten dira, urautsitik gertu barruratzeko ubide bat eta olatuak lehertzen ez diren eremu bat izaten dutenak. Hondartza batean ordea, ez dago ihesbiderik, ezta eremu segururik ere.

Puerto Escondidon sekulako itsaskia izan zen, olatu oso handiak eta borobilak, eta Grant Baker hegoafrikarrak irabazi zuen. 2013/2014 itzuliko txapela eskuratu zuen lehiakide berak.

Bigarren aldia da Peahin munduko olatu handien itzuliko txapelketa bat egiten dena. Iaz atxiki zuten Peahi BWWT zirkuituko zerrendan eta ikusmin handia sortu zuen, zeren orain gutxi arte Peahiko olatuak soilik uretako moto baten laguntzaz hartzen zituzten, arraun eginda hartzeko olatu zailegia zela esaten baitzen. Iaz, ordea, marka guztiak hautsi ziren, aspaldi izan zen itsaskirik handiena sartu zen Hawaiin eta lehiakideek frogatu zuten Peahin arraun eginaz surf egin daitekeela.

Iazko txapelketan mugak gainditu ziren. Hain ziren handiak olatu batzuk, ezen gizaki batek bere kabuz arraun eginaz hartzeko handiegiak ziren, baina lehiakideak ez ziren kikiltzen eta beraien bizia arriskuan jarriz olatu garaienak ere jaisten saiatzen ziren. Lortzen zuenak epaileen puntuak biltzen zituen eta lortzen ez zuenak, berriz, sekulako zafraldia biltzen zuen.

Olatu handiak izan ziren pasa den ostiralean Peahin, baina aurtengoan itsaskia ez da hain handia izan. Egia esan, iazkoa gainditzea oso zaila litzateke, historikoa izan baitzen. Hala ere, lehiakideek ikuskizun ederra eskaini zuten.

Olatu handien surfak gorakada handia izan du azken urteetan, bai maila kuantitatiboan bai maila kualitatiboan. Orain gutxi arte ezinezkoak ziruditen ariketak egiten dituzte surflariek olatu handietan; eta bestalde, ikusle andana ere erakartzen dute, bestela ez lituzkete mota honetako txapelketak egingo.

Peahin parte hartu zuten 24 lehiakideen artean bertako surflari bat gailendu zen, iazko txapelketa irabazi zuen lehiakidea hain zuzen ere, Billy Kemper, eta bigarrengoz Peahiko txapela eraman zuen hawaiiarrak.

Bigarren postuan Greg long estatubatuarra geratu zen, bi bider olatu handien munduko itzuliko txapelduna (2012/2013 eta 2015/2016). Hirugarren postua Grant Baker hegoafrikarrarentzat izan zen. Azken hau da oraingoz BWWT zirkuituko rankingean buru dena, baina ez da behin betikoa, zeren martxoa bitartean beste bi txapelketa egin daitezke, Portugalgo Nazare urautsikoa eta Kalifornia Behean dagoen Todos Santos urautsian egiten dena.

Peahin aurten izan den beste berezitasun bat nesken txapelketa izan zen. Oso urriak izaten dira neskentzako egiten diren olatu handietako txapelketak, baina azken urteetan nesken olatu handietako surfak indarra hartu du eta ostiralean Peahin erakutsi zuten moduan sobera dohain dute muturreko baldintzetan aritzeko.

Paige Almas izan zen nesken kategorian Peahiko txapela irabazi zuen lehiakidea. Mauiko bertako surflari honek gainerako lehiakideek baino hobeto kokatzen jakin zuen, eta horrela, olatuak hartzerakoan justu egon behar zuen lekuan zegoen. Dudarik gabe, urautsia oso ongi ezagutzen duela erakutsi zuen.

Aipagarria izan zen baita ere Justine Dupont frantsesak lortu zuen bigarren postua. Lacanauko neska hau, pasa den apirilean Zarauzko munduko txapelketan erakutsi zuen moduan, edozein baldintzatan surf egin eta ongi aritzeko gai da. Europar batek Hawaiin halako olatuetan bigaren postu bat eskuratzea lorpen garrantzitsua da.