Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
ZUMAIA
Bodyboard

Zumaia Bodyboard Pro: Alex Uranga eta Joana Schenger txapeldun

Baldintza zailetan bikain aritu dira bodybaord zaleak Zumaian Europako lehiaketan. Alex Uranga etxeannagusitu da. Joana Schenger portugaldarrak Zumaiakoa bakarrik ez, Europako txapela ere irabazi du.

Ostiralean hastekoa zen txapelketa igande goiza arte atzeratu behar izan zuten antolatzaileek itsasoko baldintza gogorrak zirela eta. Atzo goizean oraindik olatuak handiak ziren, baina lehiakideek haien onena eman zuten urrun lehertzen ziren olatu indartsuetan haien onena emateko. Zumaiako Itzurun hondartzan hiru metroko olatuetan aritu ziren lehian Europako bodyboard zale puntakoenak.

Babeslerik gabeko txapelketa

Zumaiako txapelketa Europako bodyboard txapelketen baitan kokatzen da, txapelketa garrantzitsua da beraz. Baina are eta pisu handiagoa du antolatzaileek marka izen esanguratsu baten laguntzarik gabe antolatzen duten lehiaketa bat dela kontuan hartzen bada.

Izan ere, oso gutxi dira kirol honi haien babesa emateko bitarteko materialak eskaintzeko prest dauden marka eta erakundeak. Horren aurrean, zaletasunak batuta, benetan txalogarria da maila honetako txapelketa bat antolatzeko Zumaiako lagunek erakutsitako ausardia eta gaitasuna.

Zumaia Bodyboard Pro 2016

Aurtengoa Zumaiako txapelketa egiten zen hirugarren aldia izan da. Lehen bi txapelketak 2012an eta 2013an egin ziren, gero bi urteko etenaldi bat izan zen, eta aurten berriz egin dute Europako txapelketa. Lehen bi txapelketetan izan ziren emaitzak esanguratsuak izan ziren, izan ere, parte hartzaileen artean lehiakide ezagunak zeuden.

Aurten munduko bodyboard titulua eskuratu duen Pierre-Louis Costes frantsesak irabazi zituen Zumaian egin ziren lehen bi txapelketak. 2012an gainera, munduko titulua bera ere eskuratu zuen Costesek, beraz, halako parte hartzeak txapelketaren maila erakusten duela esan daiteke.

Baina ez dago urrun joan beharrik, Alex Uranga azken urteetan lehen mailan Costesekin lehian aritu den zumaiarra ere urtero lehiaketan izaten baita. Urangak ez zuen lehen bi probetan txapela lortu, Costesen atzetik bigarren postuan geratu zen aipatu bi probetan, baina aurtengoan Zumaiako txapela eskuratzea lortu du. Bide batez 1.000 euroko diru saria irabazi du, babesleek oso diru gutxi ematen duten kirol honetan aurrera egiten jarraitzeko lagungarri izango zaiona dudarik gabe.

Alex Uranga txapeldun

Uranga Europako bodyboard zirkuituko rankingean lehen postuan jarri da Zumaiako garaipenari esker, baina oraindik Maroko eta Azoreetako txapelketak falta dira. Hortaz, urtea amaitu aurretik oraindik badute zer egin goi mailako bodyboard zaleek.

Horrez gain, bosgarren postuan amaitu du Urangak 2016ko mundu mailako APB itzulia, alegia, maila gorenean lehiatzen du zumaiarrak. Gainera, ekainean munduko txapelketa bat irabazi zuen Brasilen. Hortaz, mundu mailan punta-puntan dabilen kirolaria da Uranga.

Esan bezala, atzokoan etxean irabazi zuen txapela zumaiarrak. Bere atzetik bigarren postuan frantses bat izan zen, Maxime Castillo. Hirugarren eta laugarren postuak bi marokoarrentzat izan ziren, Brahim Iddouch eta Anas Haddar.

Lehen aldiz neskak

Aurtengoan lehen aldiz neskek ere parte hartzeko aukera izan zuten Zumaian eta gogor aritu ziren lehian itsasoko baldintza zailei aurre egiten. Joana Schenger portugaldarrak irabazi zuen txapela Zumaian, eta hori bakarrik ez, garaipenari esker 2016ko Europako txapela ere eskuratu zuen.

Nesken aurtengo itzulia osatzen duten bost txapelketatik hiru Schenderrek irabazi ditu: La Salie Frantzian, Ilhavo Portugalen eta Itzurun Euskal Herrian. Oraindik Azoreetako txapelketa egitea falta den arren, jada Schenderrek pilatutako puntu kopurua gainditzerik ez dute bere arerioek.

Bigarren eta hirugarren postuak ere bi portugaldarrek eskuratu zituzten, Teresa Almeidak eta Carina Carvalhok. Baina aipagarriena laugarren postuan geratu zen lehiakidea izan zen. Rebeka Ugirreurreta euskaldunak 14 urte baino ez ditu eta jada Europako txapelketa batean laugarren postua eskuratu du. Dudarik gabe Zumaiako bodyboard zaleen lana fruituak ematen ari da eta aurrerantzean ere emango ditu.