Park Geun-hye Hego Koreako presidentea, kargua uzteko prest
Park Geun-hye Hego Koreako presidenteak atzo adierazi zuenez, bere agintaldia bete gabe kargua uzteko prest dago eskandalu batek eragin dituen ondorioengatik. Parlamentuari dagokio orain agintariaren mezuari erantzutea. Bere aurka milioika lagun irten dira kalera.

Gero eta herritar gutxiagoren sostengua du Park Geun-hye presidenteak eta azkenean kargua uztea erabaki du, hori agindu zuen atzo behintzat.
Ezohiko egoera hori eragin du «Choi Soon-sil kasuak», presidentearen lagun min baten izena daraman eskandalu politikoak. Inolako kargurik ez duen 60 urteko lagunak ustez presidentearen hitzaldiak prestatu izan ditu. Estatuaren kontuetan ezkutuan esku hartu izana ere leporatu diote. Gainera, bere eragina erabili omen zuen dirua bildu eta ondoren zati bat poltsikoratzeko.
Salaketa horiek guztiak ikertzen hasiak dira eta fiskalak erabaki du presidenteari konplize izatea leporatzea.
2018an amaitu behar luke bere agintaldiak, baina orain Hego Koreako Parlamentuari utziko dio erabaki hori, atzo telebistak eskaini zuen hitzaldian esan zuenez. Gauzak behar bezala lotuta daudenean alde egingo du, agintean hutsune arriskutsurik izan ez dadin.
Begiraleek uste dute kargugabetze edo impeachment prozesu batek suposatuko lukeen umiliazioa saihestu nahi duela Park Geun-hyek. Izan ere, agintariak bere hitzaldiari hasiera eman baino lehentxeago, Saenuriko parlamentari batzuek esan zuten datorren ostiralean kargugabetzearen aldeko botoa emateko asmoa dutela. Oposizioko hiru talde nagusiek plazaratu zuten ekimena eta Saenuri Parken alderdiko diputatu batzuek bat egin dute kargugabetzearekin.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
