Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
DONOSTIA
SURFING

Atzerako kontaketa hasi da:Pipelinen amaituko da sasoia

Urtero bezala Pipelinen emango zaio amaiera WSL lehiaketen sasoiari. Aurtengo munduko titulua jada John John Florencek eskuratu du, baina Pipelinen aurtengo Triple Crown itzuliko irabazlea nor den ereerabakiko da, eta, berriz ere, Florence izan daiteke.

Aurtengo lehen mailako WSL itzulia amaitzeko txapelketa bakarra falta da, Pipeline Banzai urautsi mitikoan egiten dena. Bestalde, txapelketa bera da Triple Crown itzuli laburreko azken txapelketa. Beraz, WSL itzuliko azken txapelketa gisa ez da txapelketa garrantzitsua aurtengoa, ez baita bertan erabakiko 2016ko munduko titulua nork irabazten duen, baina badu bestelako garrantzirik.

Ikusmina areagotzen ari da

2016ko WSL titulua nork eskuratuko zuen zirkuituko azken-aurreko txapelketan erabaki zen, Portugalen. Beraz, aurtengoan munduko titulua ez da Pipelinen erabakiko, eta, ondorioz, ikusmina apaldu egin zitekeela pentsa zitekeen. Aldiz, ez da horrela izan, ikusmina beste titulu batek bereganatu baitu: Triple Crown edo Koroa Hirukoitzak.

Triple Crown itzuliko hirugarren eta azken txapelketa gisa sekulako ikusmina sortzen ari da Pipelineko txapelketa. Izan ere, aurtengo munduko txapelduna den John John Florencek bigarren aldiz Koroa Hirukoitza eskuratzeko duen gogoa azaldu zuenetik lehiakortasun handia nabari da urteko azken txapelketari begira.

Beraz, lehen mailako azken txapelketa gisa ez du garrantzia handiegirik aurtengo Pipeline Banzai txapelketak, baina Triple Crown itzuliko azken txapelketa gisa ikusmin handia sortzen ari da. Orain, galdera nagusia honakoa da: John John Florence gai izango al da bigarren aldiz Koroa Hirukoitza irabazteko?

Florence eta Koroa Hirukoitza

Florencek bere buruari ezarri dion erronka berria lortzeko aukera asko ditu, izan ere, Triple Crown itzuliko rankingean bigarren postuan aurkitzen da hawaiiarra. Horri, zera gehitu behar zaio: Florencek etxe parean duen Pipelineko urautsia inork baino hobeto ezagutzen du.

Pipelinen datozen egunetan itsaski handi bat sartzen bada, are eta aukera gehiago izango ditu Florencek, baldintza zailetan Pipelineko olatua menderatzen duen lehiakide bakanetakoa baita. Egoera bortitzetan, gainontzeko lehiakideak beldur direnean ere, aise moldatzen da Florence, eta ez da harritzekoa, ia urautsian bertan bizi dela kontuan hartzen bada.

Triple Crown itzuliko lehen lehiaketa, Haleiwan egiten dena, Florencek irabazi zuen, baina Sunseten ez zuen final laurdenetara iristea lortu, laugarren errondan kaleratu baitzuten. Triple Crown itzuliko rankingean bigarren postuan dago Florence, hortaz, Pipelinen emaitza on bat lortzen badu, Koroa Hirukoitza bigarren aldiz irabazteko moduan izango da.

Frederico Morais

Triple Crown rankingeko lehen postuan dagoena Frederico Morais portugaldarra da, izan ere, Triple Crown itzuliko lehen txapelketan (Haleiwa) eta bigarrenean (Sunset) bigarren postuan geratu zen. Horrek esan nahi du Pipelineko txapelketa lehen mailakoa izan arren, parte hartzeko eskubidea izango duela.

QS rankingean (bigarren mailan) hirugarren postuan dago Morais. Horrenbestez, datorren urtean TOP 34 lehiakideen artean izango da eta lehen mailan lehiatu ahal izango du. Hori dela eta, Pipelinen bertan ere lehiatzeko aukera izango du.

Jordy Smith

Aurtengoan Sunseteko izarra Jordy Smith izan zen dudarik gabe. Hegoafrikarra bikain aritu zen txanda guztietan. Azken txapelketetan erakutsi duen indarrarekin datorren urtean munduko titulua eskuratzeko faboritoetako bat izan daitekeela frogatu du.

Lehen mailako rankingean hirugarren postuan da Smith, Gabriel Medina brasildarraren atzetik. Pipelinen ongi aritzen bada, urtea bigarren postuan amai dezake eta horixe da ziur aski gertatuko dena. Baina Smith harago doa: 2017ko munduko titulua eskuratu nahi du.

Sunseten hirugarren postua eskuratu zuen lehiakidea Torrey Meister hawaiiarra izan zen, eta bere atzetik, laugarren postua Tanner Gudauskas estatubatuarrarentzat izan zen. Lehiakide hori ere datorren urtean lehendabiziko mailan izango da.

Bien bitartean, ikusmin handiena sortzen duen urteko txapelketa hasi da jada Pipelinen. Abenduaren 8an ireki zen itxaronaldi epea, baina orain artean ez da olaturik izan. Hori dela eta, surflariak oraindik ere ez dira itsasoratu.

Gehienez abenduaren 20ra bitartean luza daiteke txapelketa, baina antolatzaileak kezkatuta daude datozen egunetarako ez baita itsaski indartsurik espero. Asteazkenean itsasoak apur bat gora egin dezake eta lehen txandak egiten hasteko moduan izango dira, baina, olatu txikiekin, Pipeline ez da Pipeline.