A.K.
donostia

Korrika eta euskara, liburu eta jokoetan hizpide izan dituzte Pirritx, Porrotx eta Marimototsek

Korrika 20. urteurrenera iristearen atarian den honetan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek euskararen alde AEK-k antolatzen duen lasterketaren inguruan jarri dute aurtengo fokua. Korrikari eskainitako ikuskizuna oholtzaz oholtza daramate dagoeneko, eta orain, hura osatzen duten argitalpenak kaleratu dituzte, Elkar argitaletxearekin, AEKrekin eta UEMArekin batera. Hain zuzen, ohiko kolaborazio lanetan aritzen den Miren Amurizak idatzi eta Julen Tokerok marraztutako irudiekin “Nor gara?” bildumaren barruan lau liburu berri eman dituzte argitara. “Pupu eta Lore ikusi-makusi”, “Porrotx hizkuntzaren arnasa”, “Pirritx hizkuntza zer ote?” eta “Marimotots euskara ikasten” izenburupean, pertsonaietako bat protagonista duen kontakizun bana ondu du Amurizak bertso forman. Hizkuntzaren transmisioa, bere alde ludikoa, euskaldun berriak eta euskararen bueltan sortzen diren baloreez ari dira haietan. Horrez gain, “Badator korrika” ipuina ere osatu dute, non pailazoek Korrikako mezua idazteko erronka izango duten. Liburuekin batera Korrika jokoa ere kaleratu da, haurrentzako jolas kooperatiboa.