Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

«Vinyl»

Ikusi al duzue “Vinyl”-en atalen bat? Martin Scorssese eta Mick Jagger ekoizle dituen telesail honek bikain azaltzen du New Yorkeko 70eko hamarkadako giro musikala, eta horretarako gainbehera datorren diskoetxe bateko “jabe” bat hartzen du protagonistatzat. Musikariak irentsi eta panpina huts bihurtzen dituen industria, ezer berriren bat sortu nahi duten musikarien borroka latza, show bussinesa, drogak, hedabideen saldukeria, punkaren leherketa... Hamaika hari interesgarri zabaltzen ditu telesailak atal bakoitzean. Gehiegizko mitifikaziorik gabe, errazkeria gehiegirik gabe, eta batez ere, musika eta musikarien joan-etorria alde batera utzi gabe.

Bistan da telebista ere bide bikaina izan daitekeela musika haizatzeko, musikarien lana ezagutzera emateko, musika duintzeko. Musikaren historia zerbait bizia bilakatzeko. Baina ez, hori ezin kaskoan sartu, jar dezagun, EITBko arduradunen bati. Zeren eta, pentsatzen jarrita, burura etorri zaizkit, hamar minututan ez pentsa, euskal musikaren inguruan egin daitezkeen telesail batzuk (komedia lerdoak ez, giro seriokoak).

Adibidez, Elgetaren ibilerak, eta bide batez XX. mende erdiko trikitixa munduaren berri emango lukeena. Sekulakoa izan daiteke, adibidez, 60ko hamarkada erdialdetik Franco hil arte, Iparraldean gertatu zen leherketa musikalaren berri emango lukeena, eta, nola ez, disko kontrabandista bat izan daiteke protagonista. Eta hurbilagora jota, 80ko hamarkadako Gasteizko punk talde baten historia kontatuko lukeena. Ez, ez da zaila, aski da musika gai seriotzat jotzea.