GARA
TOLOSA

Tolosa, Eibar, Hernani, Larrabetzu eta Elorrio, galdeketa olaturako prestatzen

Euskal Herriko toki askotan ari dira lanean udaberrian egingo diren herri kontsultetan erabakitzeko. Pentsaera eta jatorri desberdineko jendea elkartzen ari da horretarako, bidea herritar guztiek batera egiteko. Zitaz betetako eguna izan zen atzo Gure Esku Dagorentzat.

Gure Esku Dagok iragarri duenez, martxoan hasiko da aurtengo galdeketen olatua eta taula gainean ongi ibiltzeko prestatzen ari dira Euskal Herriko ehun herri baino gehiagotan. Tolosan, adibidez, 140 herritarretik gora bildu ziren martxoaren 19an eskualdean egingo den galdera adosteko.

Tolosaldeko Giltzarria fase berri batean sartu da, GEDren galdeketetarako protokoloak eskatzen duen gutxieneko sinadura kopurua gaindituta –6.219 atxikimendu–. Atzo goizean galdera adosteko lehen saioa egin zuten Beotibar pilotalekuan, herritarrei hitza emateko xedez.

«Beste korapilo bat askatu dugu. Erabakitzeko eskubidearen inguruan hitz egiten aritu gara goiz osoan, eskualdeko herri ezberdinetako jendea, adin, sexu, pentsamolde eta jatorri anitzekoa, normaltasun osoz; errespetuz eta tonu eraikitzailean», esplikatu zuten.

Taldeetan parte hartuz egin zuten saioa eta hausnarketa,eta iritzi eta elkarrizketak jaso zituzten idazkariek. Eduki hori mahai gainean jarriko du datorren astean Batzorde Sustatzaileak eta 40 laguneko taldeak erabakiko du galdera.

 

Debabarrenean, maiatzaren 7an

Debabarreneko Gure Esku Dagok ere galdeketak iragarri zituen atzo Eibarren egin zuen agerraldian. Itziar, Mutriku, Deba, Elgoibar, Soraluze eta Eibarko herritarrek maiatzaren 7an eskualdeko jendeari hitza emango diotela adierazi zuten.

«Lanerako gogoa eta ilusioa baditugu erronka eder honi erantzuteko, eta lehenengo urratsa egin dugu. Bakoitzaren pentsaera, jatorria, kolorea, sentsibilitatea errespetatuta, bat egin dugu ekimena martxan jartzeko. Herritar guztientzat zabalik dago», azaldu zuten. Hurrengo eginkizuna galdeketaren alde gutxienez 4.400 sinadura lortzea izango dute. «Bidea denon artean adostu behar dugu, denok sentitu behar dugu parte».

Tolosaldeak bezala, Hernani eta Astigarragak ere hurrengo etapari ekin diote, protokoloak agindutako sinadura kopurua nabarmen pasatuta. Baga Giltza plataformak babesa eskertu, eta martxoaren 19an parte hartzeak izango duen garrantzia azpimarratu zuen. «Horrek emango dio sendotasuna gure aldarriari».

Larrabetzun egun berean egingo dute galdeketa. Aurtengo olatuko Bizkaiko lehen herria da. Giroa berotzeko, Eusko Lorak dantza taldearen emanaldia antolatu zuten. Elorrion ere aurkezpena egin zuten. Maiatzaren 7an izango da bertan herri galdeketa.