Palais errugabetu dute, zerga ihesaren aurka aulki bat bahitu zuen ekintzailea
Jon Palais kargurik gabe aske uzteko erabakiaren berri eman zuen atzo Akizeko auzitegiak. Joan den urtarrilaren 9an epaitu zuten Parisko banku bati aulki bat «lapurtzeagatik» eta sostengu zabala jaso zuen. Ekintzaileak «epaiak ekintza legitimatzen» duela azpimarratu zuen.

Bizi mugimendu ekologistako kideak «iruzur fiskalaren kontrako borrokan urrats garrantzitsua» dela esan zuen behin- behineko epaia jaso ostean, komunikabideen aurrean egin zuen lehen agerraldian.
Orokorrean, balorazio baikorra egin arren, hau gogorarazi nahi izan zuen ekintzaileak: «Oraindik paradisu fiskalen auziari irtenbide bat bilatzetik oso urrun gaude, eta, zer esanik ez, klimaren arazoari». Zentzu horretan, «mobilizatzen jarraitzea oso garrantzitsua» dela azpimarratu, eta «lorpenak soilik hiritarren esku-hartzeari esker» etor daitezkeela gehitu zuen.
Epaitegiaren atarian egin zituen adierazpenetan hau azpimarratu zuen: «Epaileen aurrera eraman behar direnak ez dira aulki bahitzaileak, zerga ihesa antolatu edo ahalbidetzen duten erakunde eta banketxeak baizik».
Garaipen sinbolikoa
Bizi mugimenduak Palais absolbitzeko auzitegiak hartutako erabakiaren ondotik kaleratutako idatzian «zerga ihesaren kontrako eta trantsizio sozial eta ekologikoaren aldeko borrokan garaipen sinboliko bat» lortu dela aitortu zuen.
Euskal elkarte altermundialista, beraz, «pozik» agertu zen, eta bide batez, «garaipen kolektibo hau lortzeko mobilizatu diren guztiak» eskertu zituen.
Bestalde, ekintzaile ekologisten aurkako epaiketak ez direla amaitu ohartarazi, eta apirilaren 11n epaituko duten Florent Compain-en, Amis de la Terre France elkarteko kidearen, kasua oroitarazi zuten.
Compain, BNP Paribas banku bulego batetik eserleku bat ebasteagatik epaituko duten bigarren kidea da eta epaiketa egunerako mobilizazio bereziak antolatuko dira, Palaisekin egin zen bezala.
Palaisen kasuan, mobilizazioak sekulakoak izan ziren. Babes zabala jaso zuen eta iruzur fiskalaren kontrako manifestazio jendetsua egin zuten Akizeko kaleetan. Gorteetan, ostera, prokuradoreak polizia judizialaren deialdia baliogabetzeko eskatu zuen, akusatuak aulkia beretzat hartzeko asmorik ez zuela argudiatuta, eta banketxeak euro bakar bateko zigor eredugarria galdegin zuen.

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian
