Elurra, izenik gabekoen hilerri
Ederrak daude mendiak. Zuriz jantzi dira gure herri mendizalearen gozamenerako eta jolasean dabiltza haurrak zein gazte zireneko garaiak gogoratu nahi dituzten helduak. «Elur urte, gari urte», diote jakinduriaz bilobei begira diren aitona-amonek, postaletako paisaia artelan bihurtuko duen argazkilariak elurra etxeko leihotik begiratzea maite duen lagunari bidaliko dion irudia atera bitartean. Neguaren hotzak ongizatea dakarrelako eta elurra «bizitza» hitzaren sinonimo izateko jaio zelako.
Hargatik, ezin uler daitezke Greziatik edo Serbiatik datozkigun irudiak. Elurra ez zen asmatu ihesean datozen eta babesa besterik eskatzen ez digutenen gorputzak irensteko. Elurra ez zen asmatu abandonatutako gorpuen gainean hotzez gaixotuko diren haur umezurtzen negar malkoak desagerrarazteko. Elurra ez zen asmatu haurrak hiltzeko. Elurra dakarren zeru bera da gurea, Italia, Grezia edo Serbiakoa. Gurean edo Italiako hotel baten inguruetan elurra haserretzen denean azkar datorkigun laguntza, desobedientzia eta delitu bihurtzen da Grezia edo Serbiako errefuxiatu kanpamentuetatik datozen garrasiei erantzun nahi bazaie. Haurren gozamenerako asmatutako elurra izenik gabekoen hilerri den honetan, bueltan etor bekie elurraren haserrea elurpean hildako haur bakoitzeko ardura duten bihotzik gabeko miserable horiei guztiei.

67 preso 20 urtetik gora espetxean, eta 44k ez dute kalea zapaltzen

Sufrimenduaren zikloa ixteko etxeratzea, gazteenen eskaria

Bilbo se moja por el fin de la «injusta legislación de excepción» carcelaria

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo
