GARA
BILBO

2014ko foro ekonomikoko istiluetan parte hartu izana ukatu dute hiru epaituek

Duela hiru urte Bilboko Foro Ekonomiko Globalean istiluak sortu zituztelakoan epaitu dituzten azken hiru lagunek diote ez zutela zerikusirik izan. Batek argitu du ez zela bertan egon ere egin.

Epaiaren zain gelditu dira Iñaki Montes LABeko ordezkaria eta bertze bi lagun. 2014an Bilboko Foro Ekonomiko Globalean sortu ziren istiluak direla-eta epaitu dituzten azken hiru pertsonak dira. Aitzinekoak absolbitu egin dituzte, eta gauza bera eskatu zuten atzo azken hauek ere, baita Bizkaiko hiriburuko epaitegiaren aurrean babesa agertu zieten sindikatu abertzaleko kideek ere.

Gertatu zenarekin ez zutela zerikusirik izan argitu zuten hirurek. Are gehiago, batek erran zuen ez zela foroaren aitzinean protesta egiteko ELAk eta LABek antolatu zuten manifestazioan egon ere egin. Gaztearen abokatuak Fiskaltzaren kontakizuna zalantzan jarri, eta frogak eskatu zizkion. Bere defendatuari dagokionez, «identifikazio akats bat» egon dela azaldu zuen.

Zigor eskaera gogorrak

Atzo epaitu zituzten hirurak. Azaroaren 24an izan zen lehen saioa eta atzo arte luzatu zuten epaiketa orduan. 2014ko martxoaren 3an Troikak Bilbora egin zuen bisitaren harira atxilotu zituzten epaituak. Zigor eskaera gogorrei egin behar diete aurre. Fiskaltzak bi urteko kartzela zigorra eskatzen du hirurentzat «desordena publikoagatik», eta bertze bi urtekoa LABeko kidearentzat eta gazteetako batentzat, «atentatu» delitua ere egotzita.

Ez hori bakarrik: 200.000 eurorainoko kalte-ordainak ezarri nahi dizkiete, iskanbilan sortutako kalteengatik. Akusazioa egin duen Bilboko Udalak soilik 75.500 euroko fakturak aurkeztu zituen, hiri-altzariak konpontzeko egindako gastuagatik.

Istiluak gertatu ziren egunean Juan Carlos Borboikoa, Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaria eta Mariano Rajoy presidente espainiarra etorri ziren Bilbora. Sindikatu abertzaleek manifestazioa antolatu zuten arrazoi honengatik eta aurreikusi baino lehen bukatu zuten protesta iskanbila larriak sortu zirelako. Gertaera hauengatik hamahiru lagun epaitu dituzte guztira, azken hirurak atzo. Aipatu bezala, orain arte absolbitu egin dituzte denak, baina atzo Laudioko JEZ enpresan LABeko ordezkaria den Iñaki Montes eta bertzeak babestera joan ziren kideek kezka agertu zuten «turkoburu bezala» hartuko ote dituzten.

Montesek azaldu zuen «lasai» parte hartu zuela manifestazioan, eta sindikalistek berretsi egin zituzten hitzok. Atxilotu eta polizien furgonetan kolpatu zutela kontatu zuen, eta argitu zuen ez zela saiatu ertzainek kaputxadun bat atxilotzea ekiditen, hori leporatzen badiote ere.

Epaituetako gazte batek aitortu zuen manifestazioan izan zela, baina berandu sartu zela bertan eta ez zuela istiluekin zerikusirik izan.