GARA
GASTEIZ

25 urtetik beherakoen %75 2020an euskalduna izatea da Lakuaren helburua

Euskaldunen kopurua areagotzen jarraitzeak duen garrantzia nabarmendu zuen Bingen Zupiriak, eta 2020rako 25 urtetik beherako herritarren %75 euskaldun izatea jarri zuen helburu.

Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako 25 urtetik beherako herritarren %75 2020. urtean euskalduna edo elebiduna izatea da Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren helburua, Bingen Zupiria sailburuak jakinarazi zuenez.

Zupiriak bere lehen agerraldia egin zuen atzo Gasteizko Legebiltzarrean, Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak datozen lau urteetarako finkatu dituen helburu eta konpromiso nagusien berri emateko.

Aurreko legegintzaldian egindakoa goraipatu ostean, Kultura eta Hizkuntza Politikaren inguruan sail bereizi bat sortzeko Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariaren apustua balioan jarri nahi izan zuen.

Eta legebiltzarkideei «elkarlan zintzoa» eskaini eta eskatu zien, eta beste erakundeekin batera lan egiteak duen garrantzia nabarmendu zuen. Aldundiei, udalei, Nafarroako erakundeei eta Ipar Euskal Herrian sortu berri den Euskal Elkargoari dei egin zien horretarako. «Herri politikak eraginkorragoak izan daitezen, behar-beharrezkoa da erakundeek elkarren berri izatea eta beren ahaleginak partekatzea», nabarmendu zuen.

Lau konpromiso

Bere hitzetan, «eszenatoki aproposa daukagu pauso argiak emateko euskal kulturari eta euskarari dagokienez. Atzean geratu dira testuinguru politiko latzak eta errespeturik ezak dena zipriztindu egiten zuten garaiak, eta egoera berri hau baliatu egin behar dugu legegintzaldi honetan».

Hizkuntza politikan «adostasuna eta elkarlana» nabarmendu, eta lau konpromiso iragarri zituen: euskararen hazkunde soziala sendotzea; euskararen erabilera sustatzea aisialdian eta esparru funtzional ez formaletan; eraginkortasunez aurrera egitea herritarren hizkuntza eskubideen bermean; eta EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko erakundeen arteko lankidetza artikulatzea eta indartzea.