GARA
DONOSTIA

Gipuzkoako Herriartekoa eta Arabako Txapelketa hastear

Bertsolaritzak bi lehia berri abiatuko ditu datozen egunetan. Bihar hasiko da Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa Azkoitian, Lasarten eta Zarautzen egingo diren saioekin. Araban, aldiz, lurraldeko Txapelketari ekingo diote sei bertsolarik igandean, Langraizen.

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketari bihar ekingo diote 38 taldek. Lehenengo saioak Azkoitian, Lasarten eta Zarautzen izango dira. Herriartekoa maiatzaren 27an amaituko da Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan egingo den finalarekin.

Herriartekoarekin Gipuzkoako herrietako bertso mugimendua bultzatu, indarberritu eta ikusarazi nahi dela dio Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak. Gainera, «parte-hartzaile guztien txapelketa izango dela ohartarazi du, lehia baino gehiago, gozamena izango baita ardatz. Guztiaren oinarria auzolana da».

Bertsozale Elkartearen funtzioa koordinazio orokorra eta saretze lana izango dira. Antolatzaileak Herriartekoan parte hartuko duten 267 antolatzaile, gai jartzaile, epaile eta bertsolariak dira. Horien sostengu izango dira Gipuzkoako Gai-jartzaile Taldea, Epaile taldea eta Elkarteko lan talde teknikoa.

Guztira 38 taldek eman dute izena. Talde bakoitzak gutxienez sei partaide behar ditu: taldearen ordezkaria, gai-jartzailea, epailea eta hiru bertsolari.

Herriartekoak lau fase izango ditu. Lehenengoa, otsailaren 3tik martxoaren 12ra jokatuko dena. 38 taldeak 12 multzotan banatu dira. Hamar multzo hiru taldekoak dira eta beste biak, laukoak. Multzo bakoitzetik talde bakarra sailkatuko da hurrengo fasera. Bigarren fasean (martxoaren 23tik apirilaren 9ra) aurreko fasetik sailkatu diren 12 taldeak lau multzotan banatuko dira, hirunaka. Multzo bakoitzetik bat sailkatuko da finalaurrekorako. Finalaurrekoetan (maiatzaren 6an eta 13an) bi talde ariko dira saio bakoitzean. Horiek Alegian eta Bergaran egingo dira; eta finala, maiatzaren 27an, Azpeitian. Lehiatik kanpo geratu arren, Bertsozale Elkarteak aipatu duenez, taldeak amaierara arte izango dira ekimenaren parte. Funtzio aldaketa baino ez dute izango.

Saioetara joan nahi duenak www.bertsozale.eus/gipuzkoakoherriartekoa atarian begira dezake agenda osoa. Sare sozialetan ere Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen profilen bitartez jarraipena egingo zaio @GBertsozale Twitterren eta Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen Facebooken. Twitterren #herriartekoa traola erabiliko da.

Bestalde, datozen asteetan jarriko dira salgai Alegian eta Bergaran egingo diren finalaurrekoetarako sarrerak, baita Azpeitian egingo den finalekoak ere, www.bertsosarrerak.eus atarian.

Arabako Txapelketa

Bestetik, datorren igandean abiatuko da Langraizen Arabako Bertsolari Txapelketa. Bertan jokatuko da lehenengo finalaurrekoa. Saioa 17.30ean abiatuko da Gizarte Etxean eta sarrerak ordu erdi lehenago jarriko dira salgai leku berean.

Orotara sei bertsolari ariko dira lanean igandeko hitzorduan. Oholtza gainera igoko dira Asier Rubio, Felipe Zelaieta, Manex Agirre, Peru Abarrategi, Rikardo Gonzalez de Durana eta Zigor Enbeita.

Manex Agirre da 2015eko txapelduna, eta Peru Abarrategi izango da txapelketako bertsolaririk gazteena. Zigor Enbeita 2015eko finalista izan zen.

Txapelketan parte hartzen duten 18 bertsolariek bi aldiz kantatuko dute txapelketan zehar eta bi saio horien puntu metaketak sailkatuko ditu finalerako. Gai-emailea Marta Ugarte izango da.

Sarrerak 17.00etatik aurrera egongo dira salgai Langraizko Gizarte Etxean. Bazkideentzat 4 euroan salduko dira, eta txartel arruntak 6 euro balioko du. 16 urtetik beherakoentzat eta Iruña Oka udalerriko herritarrentzat doakoa izango da.