Lore AGIRREZABAL
HAUR

Aulkien azpian, hamaika istorio

Inork badaki zer dagoen aulkien azpian? Hutsunea, amonak erantzitako txapinak, lau oinetan jolasean dabiltzan haurren gotorlekua, edo jolaserako gogoz dagoen ume helduaren paradisua?

Ziurrenik, ez diozu galdera horri erantzun bakarra aurkituko Harkaitz Canok eta Lorena Martinezek sortu duten liburuan –“Zer demontre dago aulkien azpian?”−, baina irudimena askatzeko gaia jarriko dizuten ipuin laburrez eta aforismoz betetako paradisu txikia topa dezakezu bertan. Librelula andereñoak bezala hegoak astindu eta imajinazioari libre hegan egiten utzi besterik ez duzu, beste guztia Canoren hitzetatik eta Martinezen ilustrazioetatik aterako da.

Guztira, 23 testu poetiko edo ipuin labur biltzen ditu liburuak. Besteak beste, esaldi labur bakarrean tituluaz mintzo diren hitzak aurki ditzakegu, horien artean: Izar urrunak deskribatzeko edo itsasoak ahoa zergatik zabaltzen duen azaltzeko sortutako aforismoak; hostoak erortzean nora joaten diren argitzen digun azalpen poetikoa; Bizarberderen ipuina; isilik egoteko hamabost arrazoi; latan sartzeko moduko ipuin labur bat…

Hitz gutxikoa baina esanahi handikoa da Harkaitz Canoren idazkera, eta, liburu honetarako ere soberako hitzik gabe, lerro bakarreko edo biko esaldi laburrak eta esaldi gutxiz osatutako orrialde bakarreko edo biko ipuinak sortu ditu.

Soberako edergarririk gabekoak dira Lorena Martinezen ilustrazioak ere. Bere azken lanen ildotik (“Maite dut”, “Tanta baten istorioa”…) lerro gutxirekin esanahiz betetako irudiak sortu ditu. Canoren hitzak bezala, Martinezen ilustrazioak ere oso iradokitzaileak dira, maiz lilura (“Tximistorratza”, “Bazen behi”, “Zirku errusiarra”…) edo jolaserako aukera sortzen dutenak (“Historiako arrautza frijiturik onena”, “Bingo!”, “Izar urrunak”…).

Hau guztia irakurrita hala iruditu bazaizu ere, hau ez da etxeko txikienenentzako liburua, Pamiela argitaletxeak Mila Gau bildumaren barruan argitaratu baitu. Harkaitz Canoren eta Lorena Martinezen lerroak irakurri eta horien azpian dagoenaz ohartzeko eta irakurketaz gozatzeko 8 edo 10 bat urte beharko dira.

Hala ere, testu pilaketarik gabe, 112 orrialdetan, esaldi eta irudi bakoitzari behar duen lekua emanez arnasa handiko liburua osatu dute, hegoak astindu eta irudimena aireratzeko behar beste espazio libre uzten duena.

Sartu burua aulkien azpian eta ea zuk zer aurkitzen duzun.