Bineta istorioen inguruko mundua bildu du Comik-Dk
Komikizale talde batek antolatuta, Comik-D komiki eta manga azoka izango da bihar arte Donostiako Kursaalen. Hainbat gairi buruzko erakusketak, ekimenak eta tailerrak egingo dituzte, tarte berezia Japoniari emanez. Halaber, Cosplay eta karta joko lehiaketak izango dira.

Kursaaleko kubo txikia binetetako istorioek eta horien pertsonaiez beteta egongo da bihar arte. Izan ere, atzo ateak zabaldu zituen komikizale talde batek lehenengoz antolatu duen Donostiako komiki eta manga nazioarteko azokak (Comik-D). 7 euroan sarrera erosten dutenek –6 urte arteko haurrak doan sar daitezke– jarduerez betetako solairua topatuko dute. Izan ere, argitaletxe eta dendek jarritako ia 40 standekin batera, 11.00etatik 20.00etara bitartean hamaika jarduera gauzatuko dituzte zaleak erakartzeko, hala nola hitzaldiak, lehiaketak, tailerrak edota erakusketak. Hori bai, bi gunetan antolatu dute, salmenta gainerakotik bereizita.
Erakusketen artean, nabarmentzekoa da “Star Wars” filmari buruzkoa. George Lucasen galaxietako sagaren zaleek, munduko hamar bildumagile handienetako batek, Jose Maria Arosak, aukeratutako material originala eta aparta ikusteko aukera izango dute bertan. Horrez gain, euskal komikigintzaren urrezko aroko egileak ere gogoan izango dituzte: Harriet, Fructuoso, Redondo, Ibarrola edo Berzosa. Beste hiru bildumek ardatz dituzte Hauteville House komiki saila, Patxi Pelaezen lanen proiekzioa eta kimonoen historia. Bestalde, 4-5-6-7 aretoetan hitzaldiak eta solasaldiak egingo dituzte. Besteak beste, komikigintzaren alorreko izen ezagunek parte hartuko dute, hala nola Peter Milligan, Gregorio Muro, Jose Luis Garcia Lopez edo Sergio Davila.
Japoniako kulturak tarte berezia izango du Erai Aiko elkarteari esker. Lau hitzaldi eta hiru tailer emango dituzte Elena Godoyk eta Javier Marcosek. Zori oneko kutunak, ohitura eta keinuak, baita han merke bidaiatzeko aholkuak ere. Kimono mota ezberdinak azaltzeaz gain, haiek egoki nola jantzi ere azalduko dute. Lantegietan, berriz, japoniera hartuko dute ardatz. Hala, oinarrizko ezagutzak jaso, nork bere izena idazten ikasi eta kaligrafian trebatzeko aukera izango da, pintzela, tinta txinatarra eta arroz papera erabilita.
Bestalde, Atlas elkarteak prestatutako ekimenen artean, hainbat jolas irakatsi eta hauen ezagutzan sakontzen lagunduko dute. Plastilinazko superheroiak egin eta elkarren artean borrokarazi ahal izango da ere, 12.30ean eta 18.00etan, bai gaur bai bihar. Magic eta Yu-Gi-Oh karta jokoen txapelketa eta Cosplay lehiaketa –komiki, joko edo bideo-jokoen munduko pertsonaia gisa karakterizatzea–. Hauetan parte hartzeko baldintzak eta egitaraua www.saloncomicdonostia.com webgunean ikus daitezke.

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
