Patxi GAZTELUMENDI
Atenas

«MUNDUKO HOTELIK ONENEAN» BIZI DIRA 400 ERREFUXIATU GREZIAN

City Plaza hotela Atenas erdi-erdian dago. Zazpi urtez hutsik egondako luxuzko hotela okupatu zuten 2016ko apirilean zenbait aktibistak. Eta errefuxiatuen bizitza hobetzeko helburuarekin atondu zuten zazpi solairuko eraikina. Geroztik bertan bizi dira Grezian harrapatuta geratutako 400 errefuxiatu –tartean 180 haur inguru–. Elkartasun eta elkarbizitzarako gune autogestionatua da, gerratik ihesi eta bizitza berri eta hobe baterako bidean, luzatzen ari den geldiune honetan.

Aurreko urteko martxora bitartean, Siria, Afganistan, Pakistan, Kurdistan edota Palestinatik zetozen iheslariek, Turkiatik itsasoz Greziarako bidaia arriskutsua egin ostean, Grezian Europako beste herrialdeetarako ibilbidea abiatzen zuten. Hiruzpalau egunetan zeharkatzen zuten herrialdea. Baina Idomeniko mugan harrapatuta geratu zirenez geroztik, errefuxiatuentzako kanpamenduak eta eremuak areagotu egin dira Grezian. 60.000 eta 70.000 arteko errefuxiatu kopurua dago gaur egun herrialdean harrapatuta. Mugitu ezinik. Eta City Plaza hotela bezalako ekimenek pertsona bezala eta duintasun osoarekin aterpetu gura dituzte Greziara nahinondik heldutako errefuxiatu iheslariak.

Bizitza antolatzen lagundu, ikastea ahalbidetu, hizkuntzak irakatsi, umeak eskolara eraman edota beharrezkoak diren arropa eta elikagaiak eskaini. Baita bizitzarako ezinbestekoak diren osasuna eta poztasuna ere.

Antolaketa parte hartzailea

City Plaza hotelean bizi diren errefuxiatuek, nazioartetik heldutako boluntarioekin batera, okupatutako gune honetan egiten diren ekitaldietan eta antolaketan parte hartu eta laguntzen dute. Sukaldean, jantokian, ekintzetan, ostatuan edo batzarretan. Nork bere gelan denbora asko emateko ohitura hartu duten arren, etxekoekin, senitartekoekin edota ihesean ezagututako lagunekin, bestelako ekimenetan ikustea ere ohikoa izaten da. City Plaza hotelak gainera ez du jasotzen instituzio edo gobernuz kanpoko erakundeen inolako laguntzarik. Jendearen donazioak, Pampiraiki elkarteak astero-astero banatzen dituen arropa, elikagai eta bestelakoak jasotzen ditu. Horrez gain, inguruko tabernari eta bizilagunak ere maiz hurbiltzen dira janaria eta gauzak ekartzera. Elkartasun sare izugarria osatu da eraikin okupatuaren inguruan.

Zazpi solairuetan bizi diren errefuxiatu familia eta norbanakoek eguneroko otorduak egiteko, boluntario talde handi bat aritzen da sukaldean. Hiruzpalau sukaldari boluntariorekin batera –tartean errefuxiatu palestinar trebe bat– egunero laguntzen aritzen dira hiruzpalau errefuxiatu eta beste horrenbeste boluntario, Europako toki ezberdinetatik Atenasera laguntzera etorriak.

400 lagunentzako otorduak egiteko, hoteleko sukaldea eta jantokia baliatzen dituzte, eta jatorri ezberdinetako lagunentzat egokitutako bazkari eta afari bereziak prestatzea izaten da sukaldarien asmoa. Eta lortzen dute. Errefuxiatuak jatorri ezberdinetakoak izanik, zapore berriak ezagutzeko aukera paregabea ere izaten da. Elikagaien biltegian denetarik eta neurri handian dago: sasoiko produktu freskoak eta frutak, mila eratara prestatzen diren arroz eta kuskusa, lekale mordoa, batetik edo bestetik heldutako indaba, garbantzu eta dilistak. Hamaika zapore ezberdin sortzen dituzten hauts eta espeziak, eta, batez ere, borondate gozo eta atsegina. Horrek guztiak sukaldean giro itzela sortzen du, eta irribarrez eta atseginez jasotzen dute eguneroko menua City Plazan ostatu hartutako errefuxiatuek.

Hizkuntzak ikasi eta erakutsi

Arabiera, farsia, kurduera, bidean ikasitako turkiera, bertokoen greziera, kanpotik etorritako boluntarioen ingelesa, gaztelania edo italiera, eta zeinu hizkuntza bera ere elkartzen dira hotelean. Eta guztien arteko elkartruke kulturala ere martxan da. Egunero hizkuntzak landu eta trebatzeko eskolak ematen dituzte hotelera hurbildutakoek. Jaso eta eman, hizkuntza ezberdinetan ondo trebatzen dira haur eta gazteak. Izan ere, boluntarioek hizkuntza eskolak eskaintzen dituzte, eta, horrez gain, eguneroko jardunean mintzagai diren gaietan, arabiera, farsia, greziera eta ingelesa nahastu ohi dira ezinbestean. Ez da harritzekoa, nazio, kultura eta pertsona ezberdinen bilgunea baita hotela. “Ongi etorri errefuxiatuak” leloa errealitate bilakatzen duena. Egunero-egunero.

Eleaniztasuna baita bilkuretan ere

Antolaketan dabiltzanen artean ere greziera eta ingelesa, modu oso naturalean, uztartzen dira. Egia da Grezian, bere hizkuntzaz gain, presentzia handia duela ingelesak; jende gehiena hitz egiteko gai da. Batzarretan ere bietara mintzatzen dira aktibistak. Eta elkartasunaren militanteetako askok errefuxiatuen jatorrizko hizkuntza ere menperatzen dute. Sasoi batean beraiek ere iheslari izan zirelako, Albaniatik, Afganistandik edo Turkiatik Europara etorri zirenean. Euskal Herritik, Italiatik, Alemaniatik, Bosniatik, AEBetatik edo Espainiatik hurbildutakoekin ere elkarrizketa eleaniztunak sortzen dira.

Giro bikaina umeen artean

Mundu bat biltzen da hemen, eta nork bere kultura, izaera, hizkuntza, ohiturak... izan arren, umeen artean sumatzen den giro ona da aipagarriena. Zazpi solairuetan banatutako 90 geletan daude guztiak, gela bakoitzean familia bakoitzak antolatutako eremu askean biziz. Astero medikuaren bisita izaten dute eta eskolara joan eta ikasteko aukera, ostatuan edo jantokian jan eta edatekoa, lasai egotekoa, atsedena hartzekoa. Baina, hori bai, batez ere elkartasunerako eta borrokarako gunea da City Plaza hotela. Duintasunaren eta autogestioaren adibide bikaina.