«Kontu lazgarriak mahai gainera ekarri behar badira, ekar ditzagun denak, Naparraren kasua ere bai»
Nobela beltzaren alorrean eta saiakeran ezaguna da Jon Alonsoren (Iruñea, 1958) izena. Oraingoan, are beltzagoa den kontu batekin dator: Jose Miguel Etxeberria «Naparra»-ren desagertzea. Eskuratu berri duen Tene Mujika beka haren historia berregin eta kontatzeko erabiliko du, eta horretarako bidelagun izango du urte guztiotan Naparraren oroimena bizirik mantendu duen haren familia.

Aurten 37 urte beteko dira Jose Miguel Etxeberria Naparra euskal militantea desagertu zenetik. Iazko urrian, estatu terrorismoarekin zerikusia izan zuen pertsona baten testigantzaren ondotik haren gorpua Mont-de-Marsanen (Landak) egon daitekeela jakin zen eta ikerketa frantses epaitegien esku dago egun. Jon Alonsok Naparraren historia berreraiki eta liburu batean biltzeko baliatuko du irabazi berri duen Tene Mujika beka.
Jose Miguel Etxeberria «Naparra» eta zu ikaskide izan omen zineten Iruñeko josulagunen ikastetxean. Ze oroitzapen duzu garai haietaz?
Lehen hezkuntzan kointziditu genuen, haurrak ginen, ikaskide izan ginen bizpahiru urtez, ez naiz gogoratzen zehatz zer ikasmailatan; beraz, gure harremana 10-12 urteko eskolakideen arteko harreman arrunta zen. Garai horretaz ez dut oroitzapen berezirik; baina nabarmendu nahi izan dudana da urte batzuk geroago, desagertu zenean, horrek nolabaiteko eragina izan zuela gugan, desagertua ez zelako ezezagun bat, zurekin eta zure ondoan haur-jolasetan ibili den norbait baizik.
Gogoan duzu desagertua zela esan zuteneko unea?
Egia esan, ez. Beste hainbat gauza gogor eta triste gertatzen ziren orduko hartan eta beste bat gehiago bezala bizi izan genuen. Astindu gintuen, noski, baina orduko periodikoak begiratzen badituzu ikusiko duzu egunero gertatzen zirela gauza bat baino gehiago bortxazkoak eta gogorrak, eta testuinguru horretan ulertu behar da une hori ere.
Haren historia berreraikitzeko familiaren inplikazioa eta laguntza izango duzu. Nola sortu zen proiekturako hartu-emana?
Azken bost urte hauetan biktimen kontua gero eta gehiago dago mahai gainean, gero eta gehiago hitz egiten da horretaz. Orduan, jakina, batzuek uste dugu biktima guztiak hartu behar direla kontuan; hori pentsatzen baduzu, ez da zaila pentsatzea ez legokeela gaizki kasu hori ateratzea, jendeak jakin dezan, batez ere garai hura ezagutu ez zutenek, zer-nolako izugarrikeriak eta kontu lazgarriak gertatzen ziren. Ze gertatutako beste batzuk seguru jakingo dituztela... Ba, hau ere bai. Hori zen kezka. Kezka hori Eneko Etxeberriarekin, Naparraren anaiarekin, partekatzen nuen, eta hortik atera zen liburuaren ideia.
Familiarentzat ere garrantzitsua izango da proiektu hau.
Bai, uste dut baietz. Azken finean, aurten 37 urte beteko dira desagertzetik eta oraindik ere kasuaz gogoratzen bagara eta gaurkotasuna badu, neurri handi batean familia hor egon delako da, urtero-urtero gauzak egin dituztelako, gaia gogoraraztearen aldeko lanean aritu direlako etengabe.
Familiaren ahalegin horren ildotik, azken hilabeteetan izan da nobedaderik. Badirudi haren gorpua Mont-de-Marsanen egon daitekeela eta ikerketa frantses epaitegien esku dago.
Ni ez naiz inor familiaren ordez hitz egiteko. Nik pentsatzen dut, edonork pentsatzen ahal duen bezala, familiarentzat oso une hunkigarria eta delikatua izan behar dela. Gero, Mont-de-Marsanekoak zer ekarriko duen, ikusteko dago, baina espektatibak handiak dira.
Nondik abiatuko zara historia berreraikitzeko?
Alde batetik, hemeroteka astinduko dut eta hainbat jenderekin elkarrizketa egiteko asmoa ere badaukat. Gauza batzuk bilduta ditut, Enekorekin ere hitz egin dut dagoeneko... Lehenengo buelta egin eta ze material dagoen ikusi nahi dut, eta gero, familiarekin kontrastatu eta handik aurrera ikusiko dugu hurrengo urratsa zein den.
Zein lirateke elkarrizketatu horiek?
Kasua ezagutu duten abokatuak, Jose Miguel zenaren lagunak, adiskideak, gerra zikina ezagutu edo jarraitu duten eta horren inguruko informazioa duten kazetariak...
Eta ze pisu edukiko du familiaren kontakizunak?
Nik batez ere kasua gogorarazi nahi dut. Horretarako, jakina, testigantza batzuk eta hemeroteka erabiliko ditut, baina aldi berean nahiko nuke familiaren bizipenari erantzuten dion zerbait egitea. Iruditzen zait inportantea dela haien lekukotasuna agerian uztea. Nik nahi dudana ez da hainbeste kasua argitzea, hori posible bada, behintzat, lekukotasun hori biltzea eta jakinaraztea baizik.
Zer suposatzen du lan honetarako Tene Mujika beka eskuratu izanak?
Aukera on bat da gaiari heldu eta gehiegi luzatu gabe liburua egin ahal izateko. Bestela ere egingo nuen, baina askoz denbora gehiago beharko litzateke liburua ateratzeko.
Une honetan ze puntutan dago proiektua?
Ba jada hainbat gauza bildu ditut eta aztertzen ari naiz, lehenengo hitzorduak lotzen...
Bada atentzioa eman dizun informazio edo materialik?
Materiala errepasatzen hasi naizenean konturatu naiz oso garrantzizkoa dela garai horiek beren testuinguruan kokatzea. Gaurko ikuspuntutik sinestezina ematen du orduan gertatzen zena gertatzeak. Hartzen duzu Naparraren desagertzea gertatu zen garaiko prentsa, eta ikusten duzu egunkariak egunero dakartzala lau, bost, sei indarkeriazko gertaera, mota guztietakoak. Egoera historiko jakin bat da, trantsizioa, noski; baina, aldi berean, testuinguru hori mundu mailakoa ere bazen: Hego Amerikako diktaduren aurkako borroka, Afrikako deskolonizazio prozesuak, eta abar.
Erronka izango da testuinguru hori erreproduzitzea?
Bai, beharbada. Gertatzen dena da garai historiko jakin horren gaineko interpretazio nagusi bat dagoela, eta interpretazio nagusi horrekin guztiz bat ez gatozenok zailtasunak edukitzen ahal ditugula gure desadostasunak adierazteko. Edozein kasutan, nik gertaerak ekarri nahi ditut testura, batez ere, nahiz eta jakin hau bezalako gai batean erabateko asepsia ezinezkoa dela.
Ze garrantzi izan du familiak, 37 urte beranduago ikerketa irekitzea lortu ahal izateko?
Guztizkoa. Iruditzen zait egin behar den kontakizunaren ardatzetako bat –eta beharbada ardatz nagusia– izango dela kasuak epaitegietan eduki duen garapena azkenean [2014an] NBEak onartu zuen arte Naparrarena bortxazko desagertze kasu bat dela. Hori NBEak onartu du. Orain berriz ireki da kasua lekukotasun berriak iritsi direlako, baina, aldi berean, beti gaia pil-pilean egon bada eta horren gaineko kontzientzia egon bada izan da familia hor ibili delako. Beraz, iruditzen zait epaitegietara egindako bidearen kontakizunak garrantzi handia duela eta kontakizunaren ardatzetako bat izan behar duela.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
