«Denbora» gaitzat hartuta eta euskal eszena hedatzeko asmoz dator dFeria
Martxoaren 6tik 9ra bitartean euskal eszena nazioartera begira jartzea izango du xede dFeriak, Donostiako arte eszenikoen azokak. 23. edizioak hartuko dituen 30 ikuskizunetatik %60 estreinakoz ikusi ahalko dira Euskal Herrian eta, nobedade gisa, bi proiektu garatuko dira: «Bideratzaileen» figura sortu dute sektore barruko harremanak errazteko eta dFeria Abroad ekimenaren bidez bost euskal taldek Argentina eta Uruguaira bidaiatuko dute.

Donostiako arte eszenikoen azoka berrikuntzekin dator. 23. edizio honetan, inoiz baino gehiago euskal eszena nazioartera begira jartzea izango du xede dFeriak eta, bide horretan, bi proiektu berri sortu dituzte. Batetik, “bideratzaileen” figura sortu dute, azokan parte hartzen duten sortzaile eta programatzaileen arteko zubi-lana egiteaz arduratzeko. DFeriako zuzendari Norka Chiapusok azaldu zuenez, azokak sektoreko profesionalen topagune izaten dira, «negozio lekuak», eta profesionalen arteko harremanak erraztea «garrantzitsua» da. Bide horretan, aurten Pepa Merteles izango da euskal eszenaren eta Estatu espainoleko ordezkarien arteko loturak bideratuko dituena, eta Iva Horvat, berriz, gainerako herrialdeekikoak sustatuko dituena.
Bigarren berrikuntza ere nazioartekotze nahi horretatik sortua da. Izan ere, tokiko sortzaileak «laguntzea», «ekoizpena sustatzea» eta haien sorkuntzak Europa zein Amerikako merkatuetara zabaltzea izango du ardura dFeria Abroad proiektuak. Donostia Kulturako zuzendari Jaime Otamendik iragarri zuenez, aurten bost euskal talde –Markeliñe, Zanguango, Kukai, Larrua eta Shakti Olaizola– eramango dituzte Costa Rica eta Uruguaiko jaialdi banatara. Chiapusok zehaztu zuenez, lehen herrialdean, San Jose hirian egiten den Festival Internacional de las Artes (FIA) izenekora joango dira ekainean, «Latinoamerikako jaialdi garrantzitsuenetakora», eta, Uruguain, Montevideoko Verdi aretoan euskal eszenari eskainitako asteburua izango da abuztuan. «Verdi aretoan estreinatzen dira nazioarteko obra guztiak eta bertan euskal eszena egotea garrantzitsua da», ziurtatu zuen.
Bestalde, Nafarroako Gobernuarekin ere harremanak hasi dituztela iragarri zuen Chiapusok: «DFeriarako konpainia nafarren katalogoa argitaratuko dute, elkarrekin ibilbide bat hasiko dugu eta gero ikusiko da noraino iristen garen», esan zuen.
23. edizioko programazioari dagokionez, 29 konpainiak 30 ikuskizun ekarriko dituzte Donostiara eta, orotara, 35 funtzio eskainiko dituzte; aipatzekoa da horietatik bakarra izango dela euskaraz, Hika-ren “Koadernoa zuri”. Arloka, hamabi dantza ikuskizun, hamabost antzerki-obra, bi zirku eta kontzertu bat hartuko ditu dFeriak «eta horietatik %60 lehen aldiz ikusi ahalko dira Donostian», nabarmendu zuen Otamendik.
Erabateko estreinaldiak
Erabateko estreinaldiak, baina, zazpi dira: Bordeleko Bivoyak Compagnieren “A Corps perdus” zirku garaikide ikuskizuna (Donostia 2016ren Mugalariak proiektuak sustatua), Pilar Tavora andaluziarraren “Medea” dantza ikuskizuna, De La Purissimaren “Hagiografía” antzerki eta musika ikuskizuna, ilMaquinario Teatroren “Resaca” antzezlana, Estela Medina eta Compañía Reversoren “Solo una actriz de teatro” antzerki-obra eta bi euskal talderen proposamenak: batetik, Natalia de Miguel eta Jorge Jaureguiren lehen sorkuntza, Kanpai konpainia sortu berriaren “One Wai Ticket” dantza ikuskizuna. Eta, bigarrenik, Tanttaka eta Victoria Eugenia antzokiak elkarlanean osatutako “Soka” antzezlanaren gaztelerazko bertsioa (“Cuerda”).
Aipatzekoa da ere Grupo Las Damasek Carlos Gil dramaturgo eta GARAko kolaboratzailearen testua erabilita ekarriko duen “Flores ácidas” antzezlana (estreinaldia Europan), eta, gainerakoan, Eulalia Bergada, Iris Teatro, Teatro de Guerrilla, Hika teatroa, Kabia, Cielo Raso, Kukai Primital Bros & Yllana, Compañia Ferroviaria, Lasala, Vaiven, Sutottos, Ertza, Cie Gregoire... Euskal Herriko zein nazioarteko hainbat proposamen.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
