«Romeo eta Julieta» zinematografikoena dantzatuko dute gaur Kursaalen

Orain hogei urte estreinatu zuen Les Ballets de Monte Carlo konpainiak Jean-Christoph Mailloten sinadura daraman “Romeo eta Julieta”. Maillotek Romeoren anaia Lorenzo elizgizonaren begiradatik aztertu zuen Shakespeareren obra dramatikoa eta, bere hitzetan, «ballet klasikoa aro garaikidera ekartzea, anekdotikoa, zaborra, izan daitekeen oro kenduz dantza nagusitzea» izan zuen helburu. Hala, eszenografia eta jantzi soilak nagusitzen dira ikuskizunean, dantzariei nagusitasuna emanez.
Baina ez da hori obra honek duen berezitasun bakarra. Maillotek zinemarekiko «maitasuna» sentitzen duela ziurtatu zuen, Donostiako Kursaalen gaur (20.00) egingo duten saioa aurkeztean. «Zinema niretzat inspirazio-iturri handia da, agian dantza baino gehiago», esan zuen, eta dantza tradizionalaren kodeak eraldatuz koreografia berria osatzeko zinema-teknikak erabili zituela ekarri zuen gogora. Hala, Lorenzoren barne-gatazketan sakontzeko flashbackak darabiltza, baita eszena izozteak eta kamera mantsoa ere.
Eserlekuetatik oholtzara
Donostian, 2003an ikusi ahal izan zen obra eta emanaldi hartan izan zen Asier Edeso donostiarra. Gaurko emanaldian, eserlekuetan beharrean oholtza gainean ariko da dantzari gaztea. «Ikusi nuenean txunditu egin ninduen; obra alderdi berritzaile batetik behatzen du. Orduko hartan ez nuen pentsatuko oholtza honetan ni ariko nintzenik», esan zuen.

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian
