Mundu batean preso
Erabakiak hartzeko atakan jarri du Kattalin Minerrek Jezabel, «Nola heldu naiz ni honaino» bere lehenengo eleberriko protagonista. Neurosiak eta krisi pertsonalak lehen lerroan jarri ditu kazetari eta militante hernaniarrak, Igartza saria irabazita Elkar argitaletxearekin kaleratutako lanean. Gizarteak ezarritako ustezko helburuak beteta dituen emakume gaztearen irudia osatu du, bizi duen «askatasuna» zalantzan jartzera eramango badu ere.

Liburua eskuan hartuta, Donostiako Parte Zaharrean argazkilarien aurrean da Kattalin Miner (Hernani, 1988), Igartza sariaren beka irabazi ondoren ondu duen eleberria aurkezteko minutu eskas batzuk falta direnean. Bi eskuekin hartu du alea. Azalak berak iradokitzen du barruan dagoenaren mamia –baita izenburuak berak ere, Anariren kantu batetik «lapurtutakoa»–. Kafe uretan igerian dabilen arraina, kikara batean preso. Ezin irtenda.
“Kafe beteak” proiektua aurkeztu zuen idazle hernaniarrak Beasaingo CAF enpresak eta bertako Udalak Elkar argitaletxearekin batera sortzaile gazteentzat bideratutako bekara. Ordurako nahikoa aurreratua zuen buruan zeukan ideia, saria irabazi ala ez, erabakia baitzuen idazten jarraituko zuela. «Ordutik gauza batzuk aldatu dira, baina proiektua bere horretan mantendu da», azaldu du Elkar aretoan egindako prentsaurrekoan.
Jezabel izeneko emakume gaztea da Minerren nobelako protagonista. Egun oraindik existitzen den «konfort egoeran» dagoen emakumea da; arrakasta du lanean, maila ekonomiko ona du, lagunak inguruan... Ustez bizimodu perfektua du Jezabelek, kontran ezer behar ez lukeen pertsona da. Gizartearen ereduetatik harago jarri du protagonista Minerrek eta izenburuak berak iradokitzen duen galderari azpi-galdera gehiago sortu dizkio; «nola leku batzuetan gauden, nola iritsi garen oso ondo jakin gabe».
Erosotasun egoeran dagoen emakumea bada ere, Jezabelen krisi eta neurosietan sakondu du idazleak. Protagonistaren noraeza darabil, hain zuzen, egungo gizartearen hainbat giltzarri jorratzeko: familia eta bikote ereduak, heteroaraua, harreman batean bilatzen dena... «Proiektuak bazuen asmo bat erabakien inguruko hausnarketa bat egiteko eta pertsonaiak aurre egin beharko die erabaki batzuei». Eta segitu zuen jarraian: «Gure belaunaldiari esaten zaio dena eskura dugula eta bakarrik erabakiak hartu behar ditugula. Horrek hainbat neurositara garamatza. Eta askotan erabaki txikiek gehiago alda dezakete gure bizitza erabaki handiek baino».
Tentsio horren bila aritu izan da lanean azken urtean Miner. «Pertsonaia hasieran bere buruarekin oso ziur dago, baina gero zalantzak izango ditu eta erabaki txikiek bere bizitza baldintzatuko dute». Peter Bergerren «inperatibo heretikoa» aipatu du; «gaur egun nola erabakitzeko askatasuna dugun, eta erabaki behar hori noraino den norma».
Lehen pertsonan
Narrazioa lehen pertsonan ondu du Minerrek, hausnarketarako bide ematen dion eran jarrita. Elkarrizketa gutxi eta gogoeta ugari txertatu ditu, «Kattalinetik ere badutenak», baina ez istorio pertsonal bat. Kontakizunari erritmoa emate aldera, zati bat Euskal Herriko hiri batean garatu du, eta bestea Erroman, ondo ezagutzen duen hirian.
Eszena erotikoetara ere jo du. Horietako batean elementu erotikoa baliatu du harreman batean dagoen beste afera bat kontatzeko elementu gisa. Beste bat, apropos egin du. «Erraza zait, eta badago euskal literaturan hutsune bat, are literatura lesbikoari dagokionez», azpimarratu zuen.
Hemezortzigarren Igartza sariaren irabazlea izan zen Kattalin Miner. Komunikabideetan eta prentsa idatzian ohiko kolaboratzailea da kazetari eta militante feminista. Eta orain egindakoak ez du zerikusirik orain artekoekin: «Artikuluetatik hona sekulako aldea dago. Nobela beste sorkuntza prozesu bat da. Irakurketa kritiko batzuk badaude, badago intentzionalitate bat, hainbat galdera, eta uste dut lortu dudala».

67 preso 20 urtetik gora espetxean, eta 44k ez dute kalea zapaltzen

Sufrimenduaren zikloa ixteko etxeratzea, gazteenen eskaria

Bilbo se moja por el fin de la «injusta legislación de excepción» carcelaria

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo
