GARA
GASTEIZ

Lakuak ezezko borobila eman dio Soriako behitegi erraldoiari

Arantza Tapia Lakuako Garapen Ekonomiko eta Azpiegituretako sailburuak erabat gaitzetsi zuen atzo Valle de Odieta nafar kooperatibak Soriako Noviercas herri txikian egin nahi duen behitegi erraldoia, 20.000 burukoa. EH Bilduko Eva Lopez de Arroyaberen galdera bati erantzunez egin zituen adierazpenok Tapiak.

Koalizio abertzaleak egitasmo horren kontrako jarrera argia eskatu zion Gobernuari. «Esne tsunamia» deitu zion, «ingurumenerako eta ekonomiarako munstro izugarria». Izan ere, 85 lagun bizi diren herri txiki batean (Caparrosotik ordubetera autoz) 15.000 esne behi eta 5.000 txahaleko megainstalazioa ezartzeko asmoa du Valle de Odietak. Gainera, Soriako Aldundiko presidente Luis Reyk azaldu duenez, agintarien baimena du. «Lur-jabeen sinadura batzuk soilik falta dira», erran zuen.

EHNE sindikatuak alarma gorria piztua du jada egitasmoak baserriei ekarriko liekeen kalteaz abisatuz. Tapiak agertu zuenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ustiapenek 36 buru dituzte batez beste. Ekoizle txikiek salatu izan dute produkzioaren gastua baino baxuagoa dela esnearen prezioa. Sailburuak, «zailtasun» horiek onartu arren, erantsi zuen kooperatiben lanak posible egin duela prezioa «askoz altuagoa» izatea beste toki batzuetan baino.

Konplize ez izateko eskea

Valle de Odieta kooperatibaren proiektuari «ezezko borobila» eman zion sailburuak, ordea. Eta jarrera hori Gobernuak urtetan esnearen sektore «profesional eta lehiakorraren» eta hortik bizi diren familien alde egin duen ahaleginarekin lotu zuen. Ildo horretan, banatzaile kateei dei egin zien tokian tokiko produktuak erosi eta horien promozioa egiten segitzeko.

EH Bilduko legebiltzarkideak ekoizpen eredu intentsiboaren aurkako jarrera argia erakutsi eta sustatzeko eskatu zion, eta oroitu zuen ez direla 20.000 buru behar behitegi intentsiboa izateko. «Hemen ere baden» eredu horren konplize ez izatea galdegin zion.