Euskara batura ekarri dute «Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua» liburua
Aurrez izan dituen bi argitaraldietan gipuzkera izan du oinarri «Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua» liburuak. Hirugarren honetan, batura ekarri dute Mikela Elizegiren kontakizuna.
1963. urtean argitaratu zen lehen aldiz “Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua” liburua, Auspoa bildumaren barruan. Errotaren alaba Mikela Elizegi eta Antonio Zavala dira liburuaren egileak: Elizegik 94 urte zituela bere aitaren bizitzako hainbat pasarte kontatu eta kantatu zizkion Zavalari eta, honek, magnetofono batean bildu eta gero paperera ekarri zituen hark kontatuak.
Liburuak, gipuzkeraz idatzia, bigarren argitalpen bat izan zuen 1992. urtean eta, orain, Gipuzkoako Diputazioak euskara batura ekarri du hirugarren argitalpenerako. Liburuaren aurkezpenean gogora ekarri zutenez, Elizegi (Asteasu, 1869-Donostia, 1967) bertsolariaren zortzi seme-alabetan laugarrena izan zen eta bera ere, aita bezala, bertsotan aritzen zen. Zavalak, aldiz, guztira 303 obra argitaratu zituen, horietatik 276 Auspoa bilduma hirukoitzean, eta horietatik «harrigarriena» da orain euskara batura ekarri duten liburua, «emakume baten ahotsetik mundu zaharra bezain liluragarria azaltzen baitigu, bere garaiko ikuspegitik eta orduko moduan adierazita. Ahots honetan du euskal literaturak –eta ez soilik ahozkoak– ahotsik ederrenetako bat».
Hark kontatua euskara batura ekartzearen ardura Asun Garikanok hartu du eta zeregin horretan «ahalik eta gehien» errespetatu du jatorrizko idazkera. Bertsoak, aldiz, bere horretan utzi dituzte. «Alabaina, pasarte batzuk lekuz aldatu ditu, azken aldera eramanez, kontakizunaren mesedetan», azaldu dute.
Hauspoako bigarrena
Argitalpena Hauspoa sail berriko bigarrena da –Diputazioak bilduma honetan argitaratuko ditu, euskara batuan, Zavalak Auspoan plazaratutako «alerik esanguratsuenak»– eta bi hitzaurre ditu. Lehena Bernardo Atxagak edizio honetarako idatzia eta, bigarrena, Zavalak 1963ko argitalpenerako egindakoa. Bigarren hau zegoen bezala utzi dute. Argitalpenak Xabier Sagasta gasteiztarraren ilustrazioak ere badaramatza.
Hitzaurreko pasarte batean, Elizegiren kontakizunaren gainean aritu da Atxaga: «Zenbat balio dute, poetikoki, Mikela Elizegik hurbileko heriotzen aurrean esandakoek? Zakur amorratuak hozka egindako neskatoaren pasarteak, kasu, edo hemeretzi urterekin hildako ahizparenak? Ezin da neurtu. Nire aldetik, ohar bakarra egin dezaket: halako inpresioa egin zidatela liburuko pasarte horiek non, prezipitazio kimiko baten moduan, Obabako mundua garden azaldu zitzaidan buruan», dio idazleak.

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
