GARA
OIARTZUN

Hildako kamioilariaren «profesionaltasuna» defendatu dute lankideek

Transportes Insaustiko Batzordeak ziurtatu zuen joan den astelehenean istripuz zendu zen kamioilariak, enpresako gainerako langileek bezala, legea zorrotz betetzen zuela bere lanean. Gidariaren eta enpresaren aurka zabaldutako «gezurrak» salatu zituzten lankideek.

Astelehenean N-Iean, Ikaztegieta parean gidatzen zuen kamioiak guraizearena egin eta bizia galdu zuen donostiarraren «profesionaltasuna» defendatu zuten Transportes Insaustiko bere lankideek. Ohar bat irakurri zuten Oiartzungo enpresaren atarian, azken egunotan zendutako kamioilariaren eta enpresaren kontra sindikatu eta alderdi politikoek zabaldutako mezu batzuk gezurtatzeko.

Istripuaren ondotik lan baldintza prekarioak, lanegun luzeegiak eta azpikontratazioa aipatuz egindako baieztapen generikoak gaitzetsi zituzten. «Zure profesionaltasuna eta zintzotasuna defendatzera behartuta sentitzen gara manipulatutako testigantza hauen aurrean. Adierazpenok egin dituztenek ez zuten zu ezagutzeko zorterik izan, baina zure lan ona edo gure enpresaren lanaren kalitatea zalantzan jartzeko atrebentzia izan dute», adierazi zuten.

Baieztatu zutenez, Transportes Insaustiko langile guztiek bezala hildako kamioilariak ere zorrotz betetzen zituen legearen baldintza guztiak. Horregatik, «ez dugu bere jarrera zintzoari buruzko zalantzarik onartuko», abisatu zuten, «ezta gure jardun profesionalaren kontrako akusaziorik ere».

Bai istripua izan zuen kamioiak –argitu zutenez, ez zen enpresarena, gidaria autonomoa baitzen–, bai Transportes Insaustiko bertze ibilgailu guztiek baimen guztiak dituztela eta guztien lan ordutegiak ere legearen araberakoak direla azaldu zuten.

Batzordeak oharra irakurtzeko elkarretaratzea egin baino lehenago, sindikatuen gehiengoak kontzentrazioa egin zuen enpresaren atean. «Prekaritateak hiltzen duela» salatu eta ezbehar hauek lan istripu bezala zenbatzeko eskatu zuten, eta ez soilik trafiko istripu bezala.