Euskal musikaren «benetako historia» oholtzaratuko du Tartean-ek Arriagan
Orain lau urte «Lingua navajorum»-ekin Euskal Herriko historiari begira jarri zen bezala, orain euskal kantagintza hartu du begian Tartean teatroak. «Ez dok hiru» obran, memorian iltzatuta geratu zaizkigun kantuekin eta hizkuntzarekin jolastuko dira Patxo Telleria eta Mikel Martinez eta, hiru musikariren laguntzaz, doinuz eta umorez gainezka datorren ikuskizuna eskainiko dute. Antzezlanaren gidoia biltzen duen liburua ere argitaratu dute.

Orain lau urte, Euskal Herriko historiaren errepaso umoretsua eskaini zigun Tartean teatrok “Lingua navajorum” antzezlanarekin eta ildo beretik dator martxoaren 7an Bilboko Arriaga antzokian estreinatuko duten ikuskizun berria ere. Patxo Telleriak idatzi eta antzoki bilbotarraren laguntzaz ekoitzi duten obra honetan, Euskal Herriko imajinario musikalaren errepaso historiko eta ironikoa eskaintzen digu konpainiak, “Ez dok hiru! Euskal musikaren benetako istorioa” izenburupean.
Aurreko lanetan ere kantuak erabili izan ditu Telleriak umorea egiteko, «baina ikuskizun honetan kantuen mundura modu ezberdinean hurbiltzen gara, hizkera ezberdinarekin», azaldu du gidoilari, zuzendari eta antzezle bilbotarrak. Bere iritziz, euskal musika «altxorra» da, «segur aski gure ondare esanguratsuena, denon buruetan dagoelako; musika barne-barnean sartzen zaigu eta memorian iltzatzen zaigu», ziurtatu du. Eta, hain zuzen, musikaren indar iradokitzaile hori baliatu nahi izan dute euskal kantagintzaren bidetik ikus-entzulearengana hurbiltzeko.
Oholtza gainean bi antzezle ikusiko ditu publikoak: Mikel Martinez eta Telleria bera, bi musikologo bereziren larruan sartuta. On-line emititzen den euskal musikaren gaineko jardunaldi batean ari dira parte hartzen, eta publikoa jardunaldi horien partaide bilakatuko da. «Grabazio estudio baten tankerako zerbait ikusiko du publikoak», zehaztu du Telleriak, eszenografia «xumea, sentzilloa eta efektiboa» dela esateaz batera.
Agertokian, baina, ez dira bakarrik egongo. Oraingo honetan, gaiak hala eskatuta, oholtza hiru musikarirekin partekatuko dute: Adrian Garcia de los Ojos, Maria Arriaga eta Ivan Allue. Hirurek pasatu dute Tarteanek musikariak hautatzeko egindako castinga: «Garbi genuen musikari eklektikoak behar genituela, instrumentu asko jotzeko gaitasuna izateaz batera tematika ezberdinak ukitzeko trebezia ere izango zutenak. Zergatik? Guk euskararen musika kontatzen dugulako, Neolitotik hasita gure memorian iltzatu diren azkeneko kantuetaraino goazelako». Hala, folka, musika tradizionala, rock&rolla... ikuskizunean estilo anitz egongo direla eta musikariek guztiak interpretatzeko gaitasuna eduki behar zutela zehaztu du. Garcia de los Ojos pianista eta konpositorea da nagusiki, baina txistua eta gitarra ere jotzen ditu; Alluek haize instrumentuak eta perkusioa menperatzen ditu; eta Arriaga, aldiz, txelo-jotzailea da eta gitarra mota ezberdinak eta panderoa ere jotzen ditu.
Bosten artean, euskal musikara hurbilketa eskainiko dute: «Guk esaten dugu ‘betiko kantak’ entzungo ditugula; ez bakarrik kanta tradizionalak, baita berriagoak izanagatik ere denborarekin ‘guztion kanta’ bilakatu diren horiek ere. Alde batetik, gure musikari omenaldi txiki bat egin nahi genion eta, bestetik, jendeak musikarekiko daukan identifikazioa erabili nahi genuen, ez bakarrik umorea sortzeko; musikak duen indar emozionala ere baliatu dugu».
Berrehun kantuko katramila
Lehengaitzat kantutegi zabala izatea onuratzat har daiteke, baina buruhausteak ere ekar ditzake. Telleriak prestatutako gidoia «luzeegi» geratzen zitzaiela-eta, laburtzeko beharra ikusi dute entseguetan. «Lehenengo bertsioan, guztira berrehun kantu agertzen ziren modu batera edo bestera», ziurtatu du. Ikuskizunean zehar, kantu zatiak elkarri harilkatuta emango dituzte antzezleek, batzuetan kantuan, hitzez besteetan. Lotune horiek koherentziaz eginez elkarrizketak eraikitzea lan mardula dela ziurtatu du bilbotarrak: «Halako lanek, dibertimenduek, azalekoak dirudite zenbaitetan, baina sekulako lana dago horien atzean. Ohiko testu batek baino askoz lan gehiago ematen du, hizkuntza landu behar baita, hitzekin jolastu... lan eskerga da».
Eta, lan horren emaitza antzezlanetik harago doa: Elkar argitaletxeak liburu batean bildu du Telleriak osatutako gidoia, “Ez dok hiru” izenburupean. Dagoeneko eskuragarri dago.
Arriaga antzokiaren laguntzaz ekoitzitako obra hau martxoaren 7an estreinatuko da antzoki bilbotarrean –Loraldia jaialdian– eta Korrika Kulturalaren barnean ere ikusi ahalko da.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
