Lagunartean, dantzan
Aurten beteko dira hamabost urte Kukai dantza konpainiak bere lehenengo ikuskizuna estreinatu zuenetik. Hamarkada eta erdiko bidea egin du Jon Maya buru duen taldeak eta emanaldi berezi batekin ospatuko du. Martxoaren 11n aurkeztuko dute Donostiako Kursaalen «Kukai eta Lagunak» ikuskizuna, bidean ezagututako profesionalekin osatutakoa. Gasteiz, Bilbo eta Biarritzera ere eramango dute ospakizun festa hori.

Dantza tradizionala eta ikuspegi modernoa betitik uztartu izan ditu Kukai dantza taldeak. Tradiziotik eratorritako dantzariak dira konpainia osatzen duten guztiak, baina etorkizunari eta garaikidetasunari eskutik heldu diote azken hamabost urteetako ibilbidean. «Etengabe ikasten ari gara», aitortu zuen Jon Maya koreografo eta dantzariak atzo Donostiako Kursaalen. Jatorria eta abangoardia elkarrekin bide berean jarri dituzte, 2002an lehenengo lana taularatu zutenetik. Baina garapena begi bistakoa da. «Inozentziaz hasi ginen bide honetan, baina, atzera begiratuz gero, taldeak izan duen garapena oso nabarmena da», jarri zuen azpimarran.
Orain urte eta erdi Donostiako Victoria Eugenia antzokian lagunartean egindako ikuskizun bat egin zuen konpainiak. «Gau hartan hura berriro errepikatzeko gogoa piztu zitzaigun». Eta hamabosgarren urteurrena aitzakia biribil izan dute Kukaiko dantzariek beraien ibilbidean geldialdi txiki bat egin eta orain artekoaren atzera begirako bat egiteko.
Martxoaren 11n eskainiko dute Kursaalen “Kukai eta Lagunak” ikuskizuna, denbora horretan guztian bidelagun izan dituzten profesionalak alboan dituztela. Ez da hitzordu bakarra izango, emanaldia Euskal Herriko beste hiriburu batzuetara eramango baitute. Hilaren 18an Bilbon izango dira; martxoaren 26an, Biarritzen; eta, amaitzeko, apirilaren 6an, Gasteizen.
Urteurrenerako musika banda berezi bat osatu dute, bira txiki horretan bidelagun finko izango dituzten musikariekin. Iñaki Salvador, Zigor DZ, Oreka TX, Iñaki Telleria eta Andoitz Antzizar izango dira lankide finkoak. Hiriburuz hiriburu, ordea, kolaboratzaile zerrenda aldatu egingo da. Donostiako hitzorduan, oholtzan izango dira Kalakan, Piter Ansorena, Itziar Etxegia eta Ereintza, Goizaldi eta Eskola dantza taldeak ere. Zerrenda hori aldatu egingo da emanaldi bakoitzean, tartean sartuz Mikel Urdangarin, Erramun Martikorena, Joan Mari Beltran edo Aiko taldea.
Musikak presentzia garrantzitsua izango badu ere, dantza izango da emanaldiaren motorra. Hartara, hamabost urtetik hona egindako sorkuntzen bilduma txiki bat aurkeztuko da, gaur egungo egokitzapen batzuekin. Horrez gain, ibilbide horretan hainbat koreograforekin egindako kolaborazioak ere presente egongo dira, Carlos Morau edo Jone San Martinekin ondutako lanak, esaterako.
Proiektu berri bat estreinatuko du laster Kukaik. Lanean ari dira Bartzelonan. Hip-hopa eta dantza urbanoa barneratzen dituen proiektua izango da. «Etengabe ikasten ari gara. Aldaketak naturalki gertatzen dira. Baina atzera begiratuz gero, garapena oso handia dela ikus daiteke. Hasiera hartatik gaur egun arte, konpainia profesional bat gara orain, hemen eta nazioartean ibilbide garrantzitsua duena. Baina, era berean, pasatutako urte horiek gabe ez ginateke hona iritsiko», hausnartu zuen Mayak.

«Usaban a Dios para someter a las internas, para meternos miedo»

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
