KALEA GUREA DA
ESPAZIOA ALDARRIKATU KIROLA BALIATUZ. HEMEN GAUDE, ETA GU ERE BAGARA. HANKA BAT BESTEAREN ATZETIK, TIPI-TAPA, TIPI-TAPA, 28. LILATOIAK MARKA GUZTIAK HAUTSI ZITUEN ATZOKOAN, DONOSTIAN IA 6.000 EMAKUME BATUZ. HALAKO LOTURA BEREZI BAT SORTZEN DA, AZALTZEAK EZ DUELA MEREZI: HOBE BIZITZEA. GORA EMAKUME KORRIKALARIAK!

Lilatoiko sustatzaileei arrazoia ez zitzaien falta egun batzuk lehenago honakoa baieztatu zutenean GARAko orriotan bertan: «Egun horretan oso gauza politak gertatzen dira. Ez nuke jakingo hitzez ondo adierazten zer sentitzen den lasterketa honetan parte hartzean. Berezia da, eta denek horixe sentitzen dugula esango nuke». Jakina baietz. Eider, Irati, Begoña, Olatz, Leire, Oihana, Mariaje, Ana, Itziar, Aurora… amankomunean emakume izatea baino gauza askoz gehiago sumatzen zen giroan.
Poza, irrika, urduritasuna, eta, markak marka, bakoitzak bere aletxoa jartzeko gogoa da zapatilak janztera bultzatzen gaituena. Formula hedatuena taldetxoan parte hartzearena da, baina atzo bazen bakarrik animatu zenik ere, nahiz eta zentzu batean bazuen konpainia: milaka emakume norabide berean, helburu bera lortzeko arraunean. Akaso “konplizitatea” da hitz aproposa, ikusi ez baina sentitzen den lotura sortu zelako korrikalarien artean. Benetan. Emakumeak soilik ateratzen direlako akaso? Ziur aski bai. «Kalea aldarrikatzen dugu. Eta hasiera batean harrigarria irudi lezake, baina beharrezkoa da», iritzi zuen Estik. Bere ustez gizonak sartuz gero, zentzua galduko luke Lilatoiak, eta emakumea bigarren planoan geldituko litzateke. «Hemen, ordea, bai edo bai, emakumea da protagonista», aipatu zuen.
Pare bat kuadrilla elkarrekin bertaratu ziren Donostiara Debatik. Bazuten eskarmentua bestelako lasterketetan, baina Lilatoiak berez duen nortasuna goraipatu nahi izan zuten. «Parte hartzea modu berezian sustatzen du, emakumeena, eta, gainera, beste inon parte hartzen ez duten emakume horiena. Hori da altxorra», erantsi zuen Maialenek.
Eta “altxorra” hitza ahoz aho topatu genuen korrikalariei hitzorduaren inguruan galdetzean. «Kirolak oso balore positiboak ditu, eta, horien bitartez, beste asko ere helaraz daitezke Lilatoian: gure burua maitatzea, berdintasunaren alde borroka egitea, emakumeen eskubideak aldarrikatzea…», zioen alaba alboan zuen ama batek. «Hori guztia belaunaldi berriei transmititzeko lan egiten dut, horregatik etorri gara elkarrekin», zioen helduak gazteari begira.
Jendearen berotasuna
Eta ailegatu zen ordua! Txaloak, saltoak eta aurrera! Eta guztia onartzen jarrita, urduritasunak ere egiten zituen kili-kiliak sabelean, helburua ibilbide osoa egin eta gozatzea baino ez zenean. Baina, tira, lehenengo aldiek sortzen duten hori…
Bere marka propioa hobetzera joandakoak berehala bistatik galduta, gainontzeko %95ek giro ederrean eta albokoa nahiz aurrekoa ez zapaltzeko ahaleginak zorroztuta egin zuten ibilbidea, Artzain Onaren katedralean jarritako txarangaren edota Grosera gerturatutako batukaden musika lagun. Aldarrikapenik ere ez zen falta izan: dozenaka puxika urdinek galdegin zuten Izar eta Sararen etxeratzea, hainbat eta hainbat ahotsek eskatu zuten indarkeria matxistaren amaiera eta emakumeen berdintasuna egunerokoan bermatzea. Estimatzekoa ere bazterretan bildutako jendetzaren aldarte bikaina, bereziki eskuak zabalduta, irribarrea ahoan bostekoa eskatzen zuten umetxoena. «Aupa!» batekin eskertu eta aurrera, azken 200 metroak osatzera. «Hau egina dago!».
Emakume perfektua
Ezustekoa hasieran, eta haserrea ondoren, helmugan heldu zitzaizkidan, ur botilatxoarekin eta txokolatinarekin batera “Especial neskak” panfletoa eman zidatenean. Ezin sinetsi: betileak luzatzeko tratamendua “24 orduz perfektu egoteko”, laserrarekin depilatzeko bonu bereziak, masaje emozionalen inguruko informazioa eta betazal erorien aurkako tratamenduak, besteak beste. Zeren alde (edo zeren aurka) ari gara borrokan? Gizonezkoek parte hartzen duten lasterketetan halakoak banatzen al zaizkie?
Emakume batek aipatu zuen lasterketaren hasieran «lotsak kentzeko» garaia dela, gure askatasuna aldarrikatu eta garen bezalakoak maitatuak izateko. 6.000 emakumek horren alde egin genuen korrika, baina, antza, baten batek ez zuen ulertu.

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete
