Osakidetzako langileen herenek egiaztatu dute hizkuntza eskakizuna
2006. urtean Osakidetzako 2.346 langilek (%11,2k) zuten egiaztatuta hizkuntza eskakizuna, eta 2016an zifra hori 8.998ra iritsi da (%33,96). Osakidetzako langileen herenek dute egiaztatuta beren lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizuna, eta horrek esan nahi du azken hamarkadan hirukoiztu egin dela ehuneko hori. Halaber, ia 134.000 pertsonak hautatu dute euskara osasun zerbitzuan arreta jasotzeko lehentasunezko hizkuntzatzat, eta gero eta zerbitzu gehiago ari dira euskaraz eskaintzen.
Hala adierazi zuen atzo Osasuneko sailburu Jon Darponek Gasteizko Legebiltzarreko Osasun Batzordearen aurrean egin zuen agerraldian. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak eskatutako agerraldian, Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko 2013-2019 aldirako II. Planaren betekuntzaren berri eman zuen. Planaren tarteko ebaluazioaren berri datorren udazkenean emango du.
Osasuneko sailburuarekin batera izan ziren Osakidetzako zuzendari nagusi Maria Jesus Mugica eta Erakunde Publikoko Giza Baliabideen zuzendari nagusi Jose Maria Armentia. Hauek Osakidetzaren erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzea eta EAEn osasun arretaren kalitatea hobetzea helburu duen plan hori betetzeko 2016an gauzatu diren jarduera zehatzen berri eman zuten.
Darponek, bestalde, azpimarratu zuen iaz Osakidetzako langileen %10ek egin zituztela euskara ikastaroak, eta lehenengo aldiz sartu direla euskarari buruzko adierazleak EAEko Osasun Sailaren eta Osakidetzako erakundeen arteko harremana antolatzen duen kontratu programan.
Gauza asko daude egiteko
Haren esanetan, «gauza asko egin dira, baina oraindik ere beste asko daude egiteko». Alde horretatik, Osasun Sailak eta Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak lanean jarraitzeko hartuta duten konpromisoa berretsi zuen, «beti progresibotasunaren irizpideari jarraituz eta etengabeko hobekuntzaren bidetik» osasunaren arloan euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko, zeregin hori erraztuko duten lan tresnak garatzeko eta langileei prestakuntza emateko, besteak beste.
Sailburuak azaldu zuen Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzearen arloan egiten ari diren ahalegina. Esan zuenez, «ikusi besterik ez dago gora egin duela euskaraz dakitenen eta euskara erabiltzen dutenen kopuruak belaunaldi gazteen artean, eta horri esker nabarmen egin ahal izango da aurrera Osasun Zerbitzuko prestazio guztiak pixkana euskaraz eskaintzeko bidean hala eskatzen duten pertsona guztiei».

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete
