Haritz LARRAÑAGA
Baiona

«Testuinguru historikoan» egingo dute Aberri Eguna Uztaritzen

Ipar Euskal Herrian ere Aberri Eguna ospatuko dutela iragarri zuen atzo Baionan norbanakoz osatutako herritar talde batek. Aurkezpena egin zuen Aitor Servier gazteak esan zuen «Gernikako ekitaldia zein Uztaritzekoa abagune desberdinetan baina norabide berean» egingo direla.

Independentistak Sareak antolatutako ekimena «Gernikaren bonbardaketaren urteurrenean» egingo dela gogoratu, eta ostera, Uztaritzekoa, «urte historiko baten baitan kokatu behar dela» zehaztu zuen Servierrek.

Euskal Elkargoaren sorrera «pauso kualitatiboa» izan da ekimenaren antolatzaileen ustez, izan ere, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoak «erreferentziazko agertoki politikoa eta aitortza lortu dituzte, eta 200 urteren ostean, lehen aldiz, mapan agertuko dira».

Urrats erabakigarria dela onartu arren, Elkargoak «muga anitz» dituela gaitzetsi eta «azken helburua burujabetza maila gorena» dela gogorarazi zuen aurkezleak, eta ondorioz, «oraindik egiteko lana badela» azpimarratu zuen. Hortik, antolatu duten ekitaldiaren goiburua: “Urratsez urrats, Euskal Herria eraiki”.

Argitxu Etxandik, bestalde, deialdia «norbanakoen kolektibo» gisa egiteak duen garrantzia azpimarratu zuen. Apirilean, Estatu frantseseko hauteskunde presidentzialak direla-eta, giroa pil-pilean izango denez, «hauteskunde ikuspegiaz harago, gonbidapena irekia» dela nabarmendu zuen.

«Abertzaletasunak inoiz baino egunerokotasun gehiago» duela eta «abertzaleek ospatzeko hainbat arrazoi» badituztela iritzita, Etxandik «herri hau eraikitzen lagundu nahi duen» oro Aberri Egunean parte hartzera deitu zuen.