GARA
BILBO

ELAk eta LABek diote CCOOk eta UGTk euren «fronte sindikala» osatu dutela

Inolako proposamenik jaso ez dutela ziurtatu zuten ELAk eta LABek. Era berean, uste dute Lakuarekin eta Confebaskekin hitzarmenak sinatzean negoziazio kolektiboa estatalizatzen saiatzen ari direla eta euskal langilearen kontra egiten ari direla CCOO eta UGT.

ELAk eta LABek ziurtatu dute CCOOk eta UGTk euren «fronte sindikal» propioa osatu dutela eta zentzu horretan prentsan argitaratu denaz aparte ez dutela inolako proposamenik jaso.

Sindikatu abertzaleek esandakoaren arabera, uztailaren 22an «elkarrizketa sozialeko mahaian» akordioa sinatu zuten CCOOk eta UGTk Lakuako gobernuarekin eta Confebaskekin, eta bertan «gutxiengoan sinatutako akordioak sustatu eta zabalduko zituztela» adostu zuten. «Gutxiengoen akordioak babesteak patronalaren posizioa besterik ez du indartzen, honek lehenago ere pribilegio asko bazuen ere», aipatzen dute LABek eta ELAk oharrean. Gaineratu dutenez, akordio haren xedea «euskal eremuko hauteskunde sindikalen emaitza indargabetzea» izan zen.

Horregatik uste dute CCOOren eta UGTren mugimenduen asmoa negoziazio kolektiboa estatalizatzea dela eta hori «euskal langilearen aurka doa, baita negoziazio kolektiboko eremu propioaren aurka ere». Izan ere, sindikatuen ustez Lakuako gobernua bera «negoziazio kolektiboa ukatzen duen lehena» da.

Autogobernuaren parte

Amaitzeko, Lan Harreman eta Babes Sozialeko Euskal Esparruaren alde lan egiteko borondatea adierazi zuten berriro. «Gai honek lehentasuna izan behar du, eta ezin da baztertu autogobernuari buruz hasi nahi den eztabaidatik», laburtu zuten.