Hiru hamarkadako isiltasunari garrasi egin dio Rodriguezek
Gordin, Uruguaiko diktaduran emakumeek jasandako eskubide urraketa bortitzen kontakizunarekin, abiatuko da gaur Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia. Hogeita hamar urtean lehen aldiz, militarrek bahitu, torturatu eta bortxatu zituzten emakumeen kontakizuna eraman du zinemara Manane Rodriguez uruguaitarrak. Hitz egiten hasteko unea dela dio.

Fokua emakumeengan jartzea. Hori izan du abiapuntu eta helburu Manane Rodriguez uruguaitarrak “Migas de pan” filma egiteko orduan. Abiapuntu, gertutik ezagutzen baitu Uruguaiko azken diktaduran (1973-1985) militarrek bahitu, torturatu, bortxatu eta giltzaperatu ostean askatasuna berreskuratutakoan mehatxupean bizirauten ikasi edo ihes egin behar izan zuten emakumeen errealitatea eta horien testigantzak izan baititu oinarri «sekula kontatu ez den historia» filmatzeko orduan. Eta helburu, hogeita hamar urtean gai honi heldu dion lehen filma delako Rodriguezena.
Kontakizunak errealitate hori Liliana Pereira fikziozko pertsonaiaren bidez agerrarazten du: 2012. urtean, Galizian bizitzen urteak daramatzan Liliana (Cecilia Roth) bere herrira, Uruguaira, itzuliko da semearen ezkontzarako. Itzulerak iraganeko mamuak berpiztu eta diktaduraren aurkako borrokan ari zela Liliana gaztea (Justina Bustos) militarrek bahitu zutenetik herrialdetik ihes egin behar izan zuenera arteko urteak aztertzen ditu eta, hala, filmak diktaduraren aurka altxatzen zirenek presondegi klandestinoetan jasan zituzten tortura bortitzak –zenbait kasutan hiltzeraino–, espetxeratuak zirenean pairatzen zuten tratu ez hobea eta behin espetxealdia beteta jasaten zituzten mehatxu eta presioak islatzen ditu. Emakumeen kasuan, bortxaketa sistematikoek eta seme-alaben galerak areagotzen zuten egoeraren gordina.
«Emakume horietako asko nire lagunak dira eta diktaduraren aurretik ere hala ziren, mundu hobe baten alde borrokan aritu ginenean», esan zuen Rodriguezek atzo, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian gaur emango den filma aurkeztean. 2012an hogeita hamar emakumek diktaduran zehar jasan zituzten torturak salatu zituztenean «zerbait egiteko ardura» zuela sentitu zuen: «Bitxia da, 30 urtean gaiari zuzenean heltzen dion lehen filma baita hau eta Uruguain estreinatu zenean beldur nintzen, gaiaren gaineko isiltasuna baita nagusi. Baina harrera bikaina izan zen. Onartzen ez zaigun historia kontatzeko beharra dago eta, filma amaitzean, besarkadak eta malkoak egon ziren... Katarsia».
Zuzendariaren hitzetan, horrek gaia gizarteratzeko beharra dagoela islatzen du, «hitz egitea beti baita sendagarria», eta emakumeok egun oraindik bizi duten egoera ere salatu zuen. «Etengabe ari dira epaitegietan deklaratzen, baina kausak ez dira inora iristen. Horregatik, kontakizun hotzak egiten dituzte, egin zietena etengabe errepikatzen egotea oso gogorra delako, etengabe hura berriro bizitzeak heriotza dakarrelako nolabait», ziurtatu zuen, eta kondenaturik izan den kasuetan, bahiketagatik izan dela azaldu zuen: «Sekula ez bortxaketagatik, ezta militarrek hori espresuki onartu dutenean ere. Negargarria da».
Torturatzaile sarituak
Filmean Patxi Bisquert zizurkildarrak ere hartzen du parte. Aurretik Uruguaiko diktaduraren berri «horrenbeste kilometroko distantziatik izan daitekeen gisan» zuela esan zuen, baina emakume horiekiko enpatia berehala garatu zuela ziurtatu zuen: «Hemen ere izan dugu diktadurarik, gehiegitan torturatu da herri honetan, neroni bitan torturatu naute, eta, Euskal Memoriaren datuen arabera, bost mila pertsona torturatu badira gutxienez; hiru eguneko bat, izugarria da». Uruguain bezala Estatu espainolean, egoera hauen aurreko erantzuna berbera dela salatu zuen Bisquertek: «Sarraskia egin duena saritu egiten da. Atzo [asteazkena] irakurtzen genuen nola torturatzaile bat zuzenean mailaz igo zuten, gobernu sozialistarekin gainera», esan zuen GARAk argitaratutako informazioari erreferentzia eginez, eta hori munduan zehar izan diren «diktadura guztietako joera orokorra» izan dela salatu zuen: «Ez da torturatzea merke ateratzen dela soilik, horrez gainera torturatu izana, torturatzailea izatea, saritu egiten da».
Estatu espainoleko zenbait zinema komertzialetan Rodriguezen filma eman bada ere, Donostian lehen aldiz Giza Eskubideen Zinemaldian ikusi ahalko da, esan bezala, gaur 22.30ean, Victoria Eugenia antzokian. Aurretik, Pedro Pioren “La niña de buseta” film laburra emango dute. Jaialdiko lehen emanaldiak, baina, 16.30ean izango dira –Carlos Carloren “Sheroes” laburra eta Stephan Streker-en “Noces” emango dituzte antzoki berean–. Inaugurazio ofizialean, 19.30ean, Raul San Roman Otegi euskaldunaren “El mundo de Embarka” eta Evangelia Soumeli greziarraren “The Cut” film laburrak eta Mohamed Diab egiptoarraren “Clash” luzea proiektatuko dira, Donostiako antzokian. Bere aldetik, Ernest Lluch kultur etxean Jon Manterolaren “Mujeres migrantes y resistencia” ikusi ahal izango da.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
