Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Korrika

Tokiko maratoi erdia korritzeko prestatzen ari da lagun bat. Hirira heldu zen urtean parte hartu zuen lasterketan lehen aldiz, eta ordutik maratoirako inolako interesik agertu ez badu ere, aurten, bere azken urtea izanik, berriro parte hartzea erabaki du. Zazpi urteko ibilaldiari amaiera borobila emateko modua iruditzen zaio, igarotze errito modukoa. Saiatu da ni konbentzitzen, lasterketan parte har dezadan, alferrik ordea. Kontua ez da bere entrenamendu errutina–egunero ez dakit zenbat kilometro egin behar izatea, gimnasiora astean hiruzpalau egun joatea, elikadura berezia eramatea lasterketa egunera arte– ez zaidala batere erakargarria egiten. Egin, ez zait batere erakargarria egiten egia esateko.

Ez, kontua da korrika egitea helmugara iritsi beste helbururik gabe, gorputzaren ahalmen fisikoa frogatzearren, ez zaidala erakargarria egiten. Korrika, bizitza arriskuan dagoenean soilik egiten dudala esan nion, eta hori, zorionez, ez da maiz gertatzen. Inoiz korrikarik egin dudan galdetu zidan, eta baietz esan nion, Korrikan, eta berriz egingo nuela aukerarik izanez gero, bizitza kontua baita. Euskal herritar euskaldunak ez direnei ulertzen kosta egiten zaien gizarte eta kultur mugimendu hori, Teresa del Vallek “Basque ritual for ethnic identity” (nortasun etnikorako euskal erritoa) deitu zuen. Ohiko galdera egin zidan: «Eta ordaindu egiten duzue euskararen alde korrika egitearren, saririk eta sailkapenik gabe?». Bada, bai.