AMETSA ILDO, HANKAK LOKATZETAN, ZERESANA EMANGO DUEN BELAUNALDIA
LAU URTEKO JARDUNAREN IRAKURKETA KRITIKOA EGINEZ, ANTOLATURIK, MILITANTE EGINDAKO BIDEAZ HARRO, BUKATU DU ERNAIK «INURRITEGIA» IZENEKO EZTABAIDA MAMITSUA. UMIL BEZAIN ANBIOZIOTSU PLANTEATU DITU AURRERA BEGIRAKO ERRONKAK. ETA ZERESANA EMANGO DUTELA AURRERA DAITEKE, BAI.

Erandioko Merkatu Zaharrean eman zion atzo akabera Ernai gazte antolakundeak bere II. Biltzarrari. Ebazpen eta bozketen aurrelanak eginda, Euskal Herri luze zabaletik heldutako ehunka gazte bildu ziren “Inurritegia” izena eman dioten hausnarketa prozesua, ezker abertzaleak bere osotasunean eta ezker abertzaleko antolakundeek bere-berea egin duten ahaleginaren baitan txertaturik egin dena, azken ekitaldi batean borobiltzera.
Eguraldia hotz baina giroa bero eta gogoak piztuta zeuden bertaratutako gazteen artean. Gako politikoak, emozioa, kausa baten aldeko debozioa, poesia eta musika, laburra eta sarkorra izan zen ekitaldia. Aitzina Ipar Euskal Herriko anai-arreba gazteen mezua helarazi zen lehenik eta behin: «hurbiletik eta jakin-minez» jarraitu dutela “Inurritegia” prozesua aipatu zuten bere erakundea barne hausnarketa batean sartzear dela aurreratuz. Euskal Elkargoaren sorrerak eta horrek alternatibak eraikitzeko ematen dituen aukerak ardatz, «aduanarik ez duen aberriaren askatasuna» gogo-bihotz, ameslari eta lanean fin aritzeko prest dira. Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren agurra etorri zen gero, esku zartak etengabe eta presoen aldeko oihuak ozen-ozen. EPPKren eztabaidak erabakiak ekarriko dituela eta herria hartzaile eta berme bakar hartuko dituen ekimenak iragarriz, Ernaiko gazteak adoretu egin zituzten, aurreko belaunaldiekin batera «independentziaren lemazain ardura» hartuko dutela konbentzituta.
Garbiñe Aranbururen eta Arkaitz Rodriguezen, LAB eta Sorturen ordezkarien, interbentzioak etorri ziren jarraian. Biek azpimarratu zuten errazak izan ez diren garaiak igaro dituela ezkerreko independentismoak, baina baita biltzarrean ilusioa arnasten zela ere, Euskal Herria askatzeko eta mundu berri baten alde jarduteko kuraia eta konpromisoa. Estrategia berria hari hartuta, «zapatilak aldatuta betiko bidean» doazela aipatu zuen Rodriguezek, fase berrian gazteen esku dagoela aurreko belaunaldien borrokak ereindako haziek emango duten uzta jasotzea. Hartara, «konfiantza osoa» erakutsi zuten bertan bildutako gazteengan.
Lur Albizu eta Mikel Urdangarin Ernaiko eledunek hartu zuten hitza gero. Txalo zaparrada artean josi zuten interbentzioan, Ernairen sorreratik urratutako lau urteko ibilbidea aletu zuten, zailak eta aldakorrak izan diren garaietan egindako akatsak aitortuz, baina, hori bai, egindako borroka txikiak eta handiak aintzat hartuz, antolaturik eta konprometiturik, euskaldun eta aske bizitzeko bizi-borrokan Ernain militatzeaz harro.
Hankak lokatzetan
“Garaipenaren belaunaldia gara” lema izan zuen amaierako ekitaldiak. Handiustea eta ke-saltzailea baino, iraganetik irakatsiz, egungo borrokak lanabes, euskal errepublika librea ardatz izango duen konpromisoaren erakusle. Ekitaldian irakurritako poema batean esaten zen legez, «zer da irabaztea iraultzen jarraitzea ez bada?», eta, hartara, «eraikitzea delako biziko dugun geroaren parte bakarra», hortzak izerdi lanerako prestutasun osoa erakutsi zuten.
Sortu birsortzeko egindako ekarpena eta oinarri herritarra duen prozesu independentista bultzatzeko Ernaik egindako ahalegina ere azpimarratu zituzten. Eta aurrera begira, esperientzia militantearen bizkar-zorroa beteago, bertaratutako gazte abertzaleek ametsaren ildoa jorratzeaz gain, aukerak eraikitzeko, aldarrikapen soiletik harago alternatiba sortzeko jarduna lehenetsi zuten. Hankak lokatzetan sartuta eta kontraesana politikaren oinarrizko kondiziotzat hartuta, asko dutela egiteko baietsiz. Asko egindakoa, asko egitekoa, baina anbizio handienarekin, irabazteko konbikzioarekin ekingo diotela eguneroko lanari hitz emanez.
“Zutik emakumeak”, “Internazionala” eta “Eusko gudariak” kantatuz eman zioten bukaera ekitaldiari. Emozioak pil-pilean eta kamaraderia giroan. Eztabaida eta argipen prozesu orok eskatzen duen esfortzua eginda, egiteko dagoenaren tamainaren jabe izanda, gazte belaunaldi abertzale berria indarrez dator. Txisparekin, begietan dirdira berezi batekin. Etorkizuna orain da, eta esperantza eta anbizio osoarekin etorri da.

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
