GARA
DONOSTIA

Luis Mari Mujika zendu da

78 urte zituela utzi gaitu Luis Mari Mujika idazle eta euskaltzaleak. Literaturarekin batera, toponimia eta hiztegigintza landu zituen. «Egan» aldizkariko zuzendari eta literatur ikertzaileak hainbat argitalpen ere sinatu ditu azken hamarkadetan.

Lizartzan 1939an jaioa, Donostian hil da Luis Mari Mujika. Filologian doktore, Euskal Herriko Unibertsitateak Donostian duen Irakasle Eskolan egin zuen lan hainbat urtez.

1990eko hamarkada erdialdera “Egan” literatur aldizkariaren koordinatzaile lanak egiten hasi zen. 1965az geroztik zen euskaltzain urgazle.

1963. urtean eman zuen argitara bere lehen literatur lana. 24 izenburu baino gehiago eman ditu argitara ordudanik.

Poesia lanak

Poesiagintzan ekin zion bideari “Bide giroak” (Sendoak, 1963), “Urdin eta burni” (Auñamendi, 1965), eta “Hitzak ebakitzean” (Kriseilu, 1975) liburuekin. Garai hartan, besteak ez bezala, neurtitzetan aritu zen lizartzarra bere idazle ibilbidearen zatirik handienean. Bereziki sonetoa landu zuen. Aukeratutako gaiei dagokienez, poesia existentziala egin zuen. Eduki erlijiosoa edo filosofikoa ere landu zuen, eta inguruko paisaiari –nafarra, batez ere– ere idatzi zion.

“Barne ibilerak” (Hiria, 2001) liburuan 1985 eta 1996 arteko poemak bildu zituen; “Unearen aldarteak” poesia liburuak (Hiria) 2006an ikusi zuen argia.

Nobelak, narrazioak eta saiakerak ere baditu, horietariko batzuk 1936ko gerran kokatutakoak. “Abuztuaren hamabosteko trena” (Erein, 1996), “Udarbe eta Urtuella lekuko” (R&B, 1995); “Hiru egun Larburun” (Euskaltzaindia-BBK, 1996); “Ipuin ubelak” (R&B, 1996); Ladix Petrirenekoa (Erein, 1997); Bidean ihes (Kutxa Fundazioa, 1997; R&B, 1998); “Bideko prosak: Nafarroa” (Hiria, 1999); “Memoria galduak” (Hiria, 2000); “Aita Estanixen zeharbideak” (Hiria, 2007) eta “Garaetako gereziak” (Hiria, 2011).

Literatur sariak

Literatur sari ugari lortu zituen Mujikak bere garaian; horien artean, Kritikaren saria (“Hitzak ebakitzean”; Lizardi olerki saria (“Aire neurtuak”); Txomin Agirre eleberri saria (bi aldiz: “Loitzu herrian uda partean” eta “Hiru egun Larburun”); Irun Hiria poesia saria (“Nire soneto beroak”); eta Irun Hiria eleberri saria (“Bidean ihes”).

Literaturaren azterketan ere nabarmendu zen. 1982an “Latina eta erromanikoaren eragina euskaran” (Sendoa) publikatu zuen; 1983an, “Lizardiren lirika bideak” (Haranburu); 1984an, “Miranderen poesigintza”; eta 1985ean, ostera, “Euskal lirika tradizionala”.

Luis Mari Mujika literatur zalea zen, baina hiztegigintza eta toponimia ere landu zituen; Euskal Herriko toki-izenei buruz 18 liburu plazaratu zituen 80ko hamarkadan (“Euskal toponimiazko materialeak”). Aurrerago, “Iparraldeko toponimia” argitaratu zuen (Hiria, 2005).