Jon ORMAZABAL
Entrevista
IKER IRRIBARRIA ETA BEñAT REZUSTA
ASPEKO PILOTARIAK

«Beñatek eskuinaz gehiagotan ez jotzeak harritzen nau oraindik»

Ez omen zaie erosoa egin asterik aste hasieran jarri zieten faborito paperarekin lehiatu beharra, baina euren jokoan ez dute inolako arrakalarik erakutsi. Oso gazteak izanagatik, presio horrekin jokatzen ikasi behar izan dute, eta finalean ere ondo dakite pronostiko guztiek euren buruan ikusten dituztela txapelak. Hala ere, ondo dakite despisterik txikienak ere euren bidetik atera ditzakeela.

Urte batetik bestera enpresaren zama euren bizkar gainera erori den arren, ondo eusten diote bi ezkerrek.

Finalean zaudete dagoeneko. Zuentzat ez dakit zer den gehiago, poza, edo, horren faborito izan eta gero, lasaitu izugarria?

Beñat REZUSTA: Niretzat sekulako poza. Azkenean, hasieratik genekien batzuek gu finalera sartzea normaltzat hartuko zutela, baina, guretzat, sekulako saria da. Honaino iristeko sekulako lana egin behar izan dugu, partida guztiak serio hartuta. Guretzat sekulako poza da finala jokatzea.

Horren faborito izanda, presio berezirik sumatu duzue?

Iker IRRIBARRIA: Azkenean, kanpotik begiratuta ematen du ez dugula ezer egin, normala zela gu finalera heltzea. Eta hori ez da horrela. Azkenean, 17 partidatik 15 irabazi ditugu; ikaragarrizko lana egin dugu aste guztietan zehar. Presio bat izan dugu gainean eta presio horrek lagundu ez du egiten, hori argi dago. Baina azkenean jakin dugu hori ere eramaten, eta hori garrantzitsua da.

Zuei entzunda, ematen du zuek egindakoari meritua edo balioa kendu nahi izan zaiola...

I.I: Bai, hasiera-hasieratik txapela buruan jarri zitzaigun; sentsazio horrekin aritu gara. Gu finalean egotea normala dela ematen du eta ez da horrela; guretzat gauza handia egin dugu, final bat da eta guretzat ikaragarrizko meritua du bertan izateak.

Iker, aurreko batean esan zenuen jada nabaritzen zenuela jendeak desberdin begiratzen zaituela.

I.I: Argi dago, hemen behin txapel bat irabazita, exijentziak aldatu egiten dira, presioa handitu egiten da. Baina ni neroni jakitun naiz 20 urte ditudala oraindik, bi urte egin berri dira profesionaletara heldu nintzela! Zerbait handia egiten ari gara. Lasai egon beharra daukat, presarik gabe, burua jan gabe eta egunero egiten dudanaz gozatuz. Niretzat hori da garrantzitsuena.

Txapeldun izan ostean, uda izan da zure unerik txarrena?

I.I: Dudarik gabe. Nahiko gaizki pasa nuen: ez nuen partidarik irabazten torneotan eta azkenean exijentzia handia da. Baina hau boladaka doa. Bolada nahiko txarra pasa genuen, baina ni ere ohitu gabe nintzen presio horretara, tentsio horretara, eta, batez ere, jarraian hainbeste partida jokatzera. Bestela pozik.

Binaka irabaztea kostatzen zitzaizula izan omen zen txapelketan Beñatekin jartzeko arrazoia.

I.I: Udan laguntza handirik ez nuen izan, partida pila bat jokatu eta nekatuta nengoen. Esandakoa, ez nengoen erritmo horretara ohituta eta seinale ona da azkar ohitu behar izatea. Egia esan, halakoetan ez da ikaragarri ondo pasatzen.

Beñat, zuk iazko arantza hor izango duzu sartuta, ezta?

B.R: Pixka bat bai, baina orduan ere esan nuen sekulako pena ere ez nuela hartzen, ordura arte ondo jokatzen ari ginelako, disfrutatzen . Toka daiteke halako final batean urduri jartzea, ez disfrutatzea eta finalean bertan gaizki pasatzea. Baina Juan [Martinez de Irujo] lesionatu zen arte oso gustura nenbilen: ondo jokatzen ari ginela uste dut, partida ona ari zen izaten eta behintzat horrekin geratu nintzen. Ezin izan genuen partida bukatu, baina halako kolpe batekin ez dago bueltarik.

Kanpotik ez da antzeman, baina une txarrik izan al duzue txapelketan zehar?

I.I: Partida batzuk hobeak eta besteak txarragoak bai, baina nik uste nahiko erregularrak izan garela txapelketan: horregatik gaude hemen. Egun txarrak izan ditugunean, gainera, ez dut uste biok batera partida txarrik jokatu dugunik; agian nik okerrago jokatu dudanean Beñat hobeto aritu da, eta, bera urduri xamar zegoenean, berriz, ni sartzen nintzen. Baina egun txar-txarrik izan dugula esateko moduan ez. Denak errespetatu gaitu: lesioek, eskuek... Alde horretatik zortea izan dugu.

Zerk harritu zaitu bikotekidearengandik hilabeteotan?

B.R: Lehendik ere elkar ondo ezagutzen genuen; azkenean, entrenatu eta dena batera egiten dugu, eta udan ere asko jokatu dugu elkarrekin. Oso txapelketa ona egin du Ikerrek: jokatzeko eran asko lagundu dit. Ni ere saiatu naiz, baina batez ere sotamanoarekin asko lagundu dit, bai sakea erantzuten bai erritmoa jartzen.

I.I: Ni harrituta geratzen naiz oraindik Beñatek nola ez dion eskuinarekin gehiagotan jotzen. Ikaragarrizko ahala du eskuin horretan ere, eta ea pixkanaka laguntzen diogun eskuinarekin jokatzen, iruditzen baitzait hor duela hobetzeko gehien. Harritzekoa da ere atzelaria izanda nola agintzen duen eta nola ibiltzen den, nolako hankak dauzkan: oraintxe zortzian dago eta oraintxe txokoa defendatzen.

Zuri ere, ezkerra izanda, tokatu zitzaizun eskuina lantzea eta orain ikaragarri ematen diozu...

I.I: Berak ere jotzen dio. Nik esaten diot entrenamenduetan eta jotzeko; txapelketan agian ez, ez da-eta momenturik onena hasteko, baina beste partidetan eta hasteko. Nik uste ikusiko dugula eskuinaz jotzen.

Halako bi jotzailerekin, nork agintzen du bikotean?

I.I: Nik beti esaten dut atzelariak daramala aginte makila. Egia da ni saiatzen naizela pilota txarrak kentzen eta ahalik eta onenak uzten, baina nik uste atzelariak agintzen duela. Hala, gure bikotean ere, Beñatek agintzen du jokoan nire ustez.

B.R: Nik uste dut jokatzerako orduan atzelaria dela agindu behar duena, batez ere atzetik hobeto ikusten delako jokoa; aurrelariak ez daki bere atzean ni nagoen edo ez, pilota atzetik hobeto ikusten da. Gero, bikotean, inondik inora; gauza denak elkarrekin hitz egiten ditugu, materiala dela, entrenamendu aldetik… dena bion artean erabakitzen dugu. Jokoko gauzetan, baina, atzelaria da kantxan hitz egin behar duena eta gauzak esan behar dituena.

Txapeldunari agintzea ez da erraza izango...

I.I: Egia esan ez daukagu inolako arazorik. Batak besteak esaten duena errespetatzen du; noiz eta non entrenatu ez diogu sekula batak besteari arazorik jarri eta garrantzitsua da. Lau hilabetez diskutitzen ibili behar bagenu, ez ginen gustura ibiliko.

Elkarrekin ospatzeko asmorik?

I.I: Bai , intentzioa badugu elkarrekin ospatzekoa. Aspalditik lagunak gara, oso ondo eramaten gara eta iruditzen zait gauza garrantzitsua egin dugula biok eta badaukagula zer ospatu, gertatzen dena gertatzen dela.

Eta buruz burukoan elkarren aurka tokatuz gero?

I.I: Ez dakit zer tokatuko den, baina oraindik ez dut buruz burukoan pentsatu; nahiago dut finalean pentsatu. Lehenago beste txapel bat lortu, eta, gero, ikusiko dugu zer gertatzen den. Buruz Burukoa ere prestatuko dugu, eta, Beñaten kontra tokatzen bazaigu, orain arte bikotea izan bada ere, aurkaria izango da, eta badakit ez berak niri eta ez nik berari ez diogula elkarri ezer oparituko.

B.R: Niretzat ez zen batere seinale txarra izango Ikerren kontra jokatu beharra izatea. Maila horretara heldu naizelako izango litzateke, aurretik partidaren bat irabazi dudan seinale, baina orain ez da horretan pentsatzeko unea.

Korrikan kilometroren bat egiteko aukerarik izango al duzue?

B.R: Egia esan, nik oraindik ez dakit noiz pasatzen den ere –elkarrizketa aurreko astean egindakoa da–. Ez nago informatuta.

I.I: Beste kontu batzuetan ari gara, baina gustatuko litzaidake. Duela bi urte lekukoa eramateko zortea izan nuen; uste dut 7an pasatzen dela dela Ordiziatik, eta, aukera badut, joango naiz.