GARA
ASTEASU

Nekane Txapartegiren egoera salatzeko mobilizazioa egingo dute Asteasun

Nekane Txapartegi euskal presoaren egoera salatzeko manifestazioa deitu du Asteasun biharko Nekane Libre plataformak. Martxa 19.30ean abiatuko da, aurretik udalaren pleno berezian bizilagunaren babes mozioa aurkeztu ostean. Horrez gain, 12.00etan Bilboko Suitzako kontsulatu aurrean elkarretaratzea egingo dute.

Baina mobilizazioak ez dira hor geldituko eta mugak gaindituko dituzte. Izan ere, Suitzan eta Alemanian ere elkarretaratzeak egingo dituzte.

Aurrekariak

Duela hemezortzi urte hasi zen Txapartegiren auzia, 1999ko martxoaren 9an Guardia Zibilak atxilotu eta torturatu zuenean. Bederatzi hilabete eman zituen kartzelan eta 2005ean berriro 18/98 auzian epaitu zuten. Bertan sei urte eta bederatzi hilabeteko kondena jaso zuen (gerora hiru urte eta sei hilabetera jaitsi zuten kondena). Tartean, hamar urte pasa ditu erbestean.

Bihar beteko da urtebete Suitzako polizia federalak Zurichen atxilotu zuela. Asteasuarrak torturak salatu izan dituen arren, Suitzak Espainiaren estradizio eskaera onartu zuen. Egoera hori salatu nahi dute bizilagunek.